Zura

ZURAREN ERDITZEA 2018/8/10

Aspaldi eguna pasata nengoen. Abuztuaren 1a izan zen nire kasuan medikuek jartzen duten data, baina Zurak ez zuen atera nahi izan abuztuaren 10erarte.
Abuztuaren 8an, indukzio data gerturatzen zegoela ikusita, ekintzak egiteari ekin genion. Alde batetik, egun hartan monitorizazioa izan genuen, eta zalantzen ostean, ginekologoak egindako gomendioa onartu eta Hamilton-en maniobra egitea erabaki genuen. Egia esan nik igarri nuen bakarra behatz bi barruraino sartu zizkidala izan zen; besterik ez. Minik ez zidan egin batere.
Erditzea gerturatzen ari zelarik, nire beldur handiena, edo presentzia handiena zeukana behintzat, indukzio baten amaitzea zen. Erditzea ondo joango zela uste nuen, egia esan ez dut beldur askorik izan, edo pentsamendu negatibo bat pasatzen bazitzaidan burutik, kasurik ez nion egiten eta segituan desagertzen zen. Baina indukzio baten amaitzeak, horrek suposa zezakeenarekin, presentzia pixka bat hartu zuen haurdunaldiaren amaieran.
Egun horretan, abuztuaren 8ko iluntzean, erditzearen hasiera eragin zezakeen beste gomendio bat burutzea erabaki genuen: Hierba Luisa infusioarekin bainu bero bat hartzea.
Urteak pasa ziren nire azken bainutik, eta oso esperientzia ederra izan zen tripa eta Zura handi-handi zirelarik, berriz ere bainu bat hartzea. Musika goxo bat jarri eta txikiarekin konektatzen saiatu nintzen. Oso polita izan zen.
Gauean, ohean sartu nintzen, bakarrik (bueno, haurdunaldian inoiz bakarrik gaudela ezin daiteke esan), zeren eta nire bikotekide Mikel ez zegoen etxean, lagunekin afaltzera joanda zegoen eta. 2.30ak aldera itzuli zen, eta bideo barregarri batzuk erakutsi nahi zizkidala esan zidan. Olasagasti aizkolariaren bideo bat zen eta egia esan barre asko egin nuen.
Ez dakit egindakoek, edo momentua iritsi izatea Zura berak erabaki zuen, baina 3ak aldera, lehen kontrakzioa sentitu nuen. Mikeli esan nion eta hau urduri xamar jarri zen. 10 minututara berriz, eta beste 10era berriz ere… Horrela, egongelara joan nintzen, Mikelek lo egin zezan, eta nik apenaz ez nuen lorik egin. Hurrengo goizean, kontrakzioekin jarraitzen nuen, baina jasangarriak ziren, hilerokoarekin izandako tripa kalanbreak bezalakoak. Eguerdian 12etan edo, Mikel eta nire etxe-kide Anuska iritsi ziren, eta momentu horretan kontrakzioak gelditu zitzaizkidan, baina 15.00tan berriz ere hasi ziren.
Behin erditze aurreko momentu hontara iritsita, bizitza normala egiten jarraitzea, eta mugimenduan egotea komeni dela irakurri nuen, eta 19.00ak aldera pintxo-potera joan nintzen. Koadernotxo bat eraman nuen, non apuntatzen nindoan zein minututan izaten nituen kontrakzioak. Egia esan asko ez nintzen mugitu pintxo potean, ia arratsalde guztia terraza batean jarrita egon bainintzen, baina hala ere, kontrakzioak hor jarraitzen zuten, 10 minuturo, etortzen eta joaten.
Etxera joan ginen, afaldu, eta pelikula bat ikusten hasi ginen. 10 minuturo jaiki beharra izaten nuen, kontrakzioa hobeto jasateko, beraz laster utzi genion pelikulari.
Mikel ohera joan zen, deskantsatzera, eta ni egongelan geratu nintzen. Nire amari deitu nion, kanpinetik etortzeko, plana bera ere erditzean egotea zen eta 23.30-00.00ak aldera hemen zen nire ama, eta Mikel lo. Ordurako jada, kontrakzioen frekuentzia handitzen zioan eta baita intentsitatea ere. Nire ama sofa baten eta ni parekoan, momentu polita izan zen hura.
Kontrakzio bat neukan bakoitzean jaiki beharra neukan, ezin nituen etzanda jasan. Mina gero eta handiagoa zen, eta deskantsuak gero eta motzagoak.
Emaginei noiz deitu behar genien ez genekien, eta 2.30ak aldera 2-3 minuturo kontrakzioak nituelarik, Mikel esnatzea eta emaginei deitzea pentsatu genuen amak eta biok.
Mikelek hitz egin zuen Magalekoekin, nik ia ezin nuen. Bueno, kontrakzioen artean geratzen zen deskantsuan telefonoan jarri nintzen eta esan zizkidanak adi entzuten saiatu nintzen. Argi eta garbi esan zidana, zera izan zen, deskantsatzen saiatzeko, etzateko eta lo egiten saiatzeko, baina hori jada ezinezkoa izan zen. Kontrakzioen arteko tartea txikiegia zen lokartzeko, eta jaiki egiten nintzen kontrakzio bat hasten zen bakoitzean, beraz ezin izan nuen deskantsatu. Nire amari lotara joan zedin esan genion, fase aktiboan geundenean deituko geniola. Eta Mikel, hortxe geratu zen nirekin, nire kontrakzioen luzeera neurtzen eta frekuentzia kalkulatzen.
Emaginak esan ziguten minutu bateko kontrakzioak izan behar zutela gutxienez, 2-3 minuturo izango zirela eta horrela ordu batez egotean, orduan berriz deitzeko, eta etorriko zirela.
Nire barruan pentsatu nuen, “Aiama! minutu bateko kontrakzioak! Bai zera, nola izango da ba hori!” baina bai; kontrakzioak luzatzen joan ziren, eta minutu eta pasakoak izatera iritsi ziren. Nik jada ezin nuen ezer idatzi paperean, Mikel ari zen orain kontrola eramaten.
Jada ez nintzen sofan eseri ere egiten, mahai baxu batean jartzen nituen bi eskuak, eta hor pasatzen nuen kontrakzioa; aldakaren mugimendu biribilak eginaz, eta hankak mugituz. Nik pentsatzen nuen, putz eginaz bakarrik, hau da, oihurik egin gabe, pasako nituela kontrakzioak, ez bainaiz ni oihu asko egitekoa, baina 02.30-03.00ak aldera zaratak egiten hasi nintzen, eta garrasi gogorrak egiten amaitu nuen. Ez nuen nire burua sekula horrela ikusi, baina ederra zen, erreala, gorputzean nengoen, presente.
Minutuko kontrakzioak 2-3 minuturo ordu betez izandakoan emaginei deitu zien Mikelek. Etorriko zirela esan zuten. Nire amari ere abisatu zion Mikelek, baina nik buruarekin “ezetz”, ez etortzeko, situazio bortitz horretan, ez nuen nahi ama etortzea. Ondoren, pena pixka bat eman zidan, erditzearen momentuan ama ez egotea, berak hala nahi zuen eta, baina hain argi ikusi nuen momentuan ezetz… Ea hurrengoan!
Poltsak apurtu gabe jarraitzen zuen, baina mukia atera zen, eta baita odol koagulo eta tantak ere. Mikel niri laguntzen ibili zen momentu oro, animoak ematen eta baita nire izterrak eta garbitzen. Momentu batean, bultzaren bultzaz, kaka pixka bat ere atera zitzaidan. Entzunda neukan, hori gerta zitekeela. Egia esan, ni aurretik komunetik pasata nengoen eta ezitzaidan apenaz ezer geratzen, baina momentu baten, jada bultzadak hasita nituela, “kaaaa-kaaaaa…” esan nion Mikeli, eta berak, odola bezala garbitu zidan irtendako apurra.
Emaginak iritsi aurretik sentitu nuen bultza egiteko lehen gogoa, 4:30 aldera edo… Momentu hartan postura aldatu nuen, makurtzen hasi nintzen bultzadarekin batera. Ondoren, berriz ere zutik jarri nahi izaten nuen, eta laguntza eskatzen nion Mikeli, asko kostatzen zitzaidan eta berriz zutitzea. Mikel bultzaka ari nintzela konturatu zenean, “Ane, bultza ez…” esan zidan. Nik barrutik baietz, bultza egingo nuela, baina ulertzen dut bera, biok bakarrik geunden, eta berak emaginak etorri arte itxaron nahi zuen, eta gainera pentsatzen zuen oraindik goizegi zela bultza egiteko. Ni ordutik aurrera ia bultzaka hasi nintzen, ia kontrakzio guztietan.
Bazetozten emaginak, jada iritsita behar lukete. Halako batean, ordulariari seinalatu nion “honek non dabiltza?” esan nahian bezala, jejeje… eta Mikelek segituan iritsiko zirela. Hala ere, lasai nengoen, minez baina gustura, beldurrik gabe.
Halako baten, hara non ikusten duen auto bat gure baserri azpitik pasatzen, okerreko norabidean! Eta Mikelek deitu egin zituen telefonoz “beste aldera!”. Egia esan, gure baserrira lehen aldiz etortzen diren gehienak nahasten dira bidez.
Sartu ziren emaginak, maleta, pistina eta guzti. Mikelek guztia ongi zegoela entzun nahi zuen, eta nik garrasika eta bultzaka jarraitzen nuen kontrakzio oro.
Emaginak goxo goxo hurbildu zitzaizkidan, konstanteak hartu, umeari taupadak entzun, eta guztia ongi zihoala ziurtatzean Mikeli esan zioten. Honek bizitzako lasaitua hartu omen zuen, pisu galanta kendu zuen gainetik.
Horren ostean, pistina muntatzen eta ez dakit zertan gehiago (nik ez bainituen ikusten) hasi ziren emagin bi eta Mikel; eta beste emagina, Clara, nire ondoan egon zen momentu oro. Oso goxoa izan zen nirekin, behatzak sartzen zizkidan gogor sakro aldean, eta pixka bat mina arintzen zidan horrek.
Mikel termometro bila joan zen, pistinari ura ipintzen hasi behar omen ziren eta, baina termometroarekin itzuli eta ez zebilela ikusten zuten bitartean, ni jada azkenetan nengoen.
Nire bultzadarik handienak egin nituen, eta burua alu aldean igartzen nuela uste nuen. Momentu batez ukitu egin nuen eta burua hor zegoela iruditu zitzaidan.
Hurrengo bultzadan edo hurrengoan, Clarak “Jaiotzen ari da!” garrasi egin eta golpez atera zen Zura. Clarak hartu zuen umea atera zitzaidanean, eta eskerrak! Bestela ez dakit lehenengo golpea hartuko lukeen lurraren kontra edo nik hartuko nukeen.
Clarak momentu hartan bertan Zura nire besotan jarri zidan eta silloira joan nintzen han etzatera. Zura negarrez, indartsu jaio zen, a ze bakea bat-batean, ze zorion, ze ongi sentitu nintzen atera zenean!
Mikel eta hirurok goxo pasa genituen lehen minutu haiek, malko eta irribarre artean.
Hortik denbora gutxira, Zura jada titia hartzen hasi zen eta ordutik ahal izan duen momentu guztietan titia hartu izan du! Titizale amorratua izan da eta da oraindik gure txikia (jada ez hain txikia).
Jaio eta 20 minutura edo jada nire ama ere hemen zegoen, eta oso momentu ederrak bizi izan genituen denok batera. Plazentarekin zuku bat egin eta edan genuen, horrela Mikelek ere oxitozina apur bat izan zezan.