«Zilbor-hestea moztearekin bat ematen zaio bizi berri bati hasiera.»

Gure alaba Mirenen lehenengo arnasaketak ere halakoxeak izan ziren. Zilbor-heste bat hautsi, eta, indartsuago bat sortu. Ama alabak elkartzen zituenak, gu laurok saretu gintuen.

Bigarren erditze hau, bigarren oinordekoaren biziratze hau, lehenengoaren jarraipen bezala ikusten dut. Jonen jaiotzak, eta, bertan sortu zen giro bereziak bultzatu gintuen etxean izateko nahia, etxean izateko desioa. Guk gurean, eta, gure artean loratzen sentitu nahi genuen hilabete batzuk atzerago ereindako hazia.

Hala ere, egiari zor, guztia abian jarri zuena semeak egindako galdera sinple bezain sakon bat izan zen: 


«Eta Miren jaiotzen denean
zuek ospitalera bazoazte, ni zer?”

Zilbor-hestea sustraiturik dagoen bihotza ondo astindu ondoren, puzzle bateko azken pieza balitzan, aske zeuden ideiak, sentimenduak, nahiak, gogoak… batu, eta, guretzako bide berri bat zenari hasiera eman zitzaion.

Aste gutxi falta ziren erditzerako, hori dela eta, nahi baina azkarrago eman behar izan genituen etxean erditzeko pausoak. Idoiak, Clara eta Josuneren kontaktua lortu bezain pronto antolatu genuen lehen bilera. Hortik aurrera gertaturikoak hitzetara pasatzeak, benetan duen esanahia eta jatorria galtzea litzatekeela pentsatzen dut. 


Izan behar zena izan zen, zerbait naturala bezain magikoa.
Hor ibili ziren sorginkerietan aipaturiko bi sorgintxoak,
Miren beste sorgintxo batekin.

Kontatuko nizueke nolakoak izan ziren gauetan gure arteko mezuak, nolakoak izan ziren gure bilerak, nola izan zen erditzerako hurbilketa, nola Idoiak ni galdu eta berreskuratu ninduen, nolakoa izan zen erditzea… baina ez zaituztet norberak egin beharreko bide horrekin aspertu nahi. Guretzako zoragarria izan zen, eta, eskerrak eman besterik ez zaigu geratzen Mirenen jaiotzan parte hartu zenuten guztioi: Clara, Josune, Miren, Joseba eta Ainhoa. Eta, bihotzean hain gertu zaudeten familia guztiari. Zuek gabe, hau, ezinezkoa litzateke.

Besarkada eta muxu bat Alberdi Garde sendiaren partez! Zorterik eta desiorik onenak zuen bide berrirako!

Aitor, Idoia, Jon eta Miren.


Oharra: ametsak amets direla sinestarazi digute,
baina, besteak beste, gauza bat ikasi dut zuekin,
ametsak egi bihurtu daitezkeela.