«Ezin dut sentitzen dudana hitzetan jarri, esker ona sentitzen dut, bizipoza eta mirari bat gertatu izanaren sentipena.»

Larunbata da, 2019ko abuztuaren 31a da gaur eta eguraldi ederra egiten du Zarautzen. Egunero bezala, goizean jaiki eta, Lutxirekin, gure txakurrarekin batera, Santa Barbarako buelta egitera abiatu naiz. Tripa koxkorra daukat dagoeneko eta aldapan gora pixka bat kostatzen zaidan arren, gustu handiz egin dut goizeroko paseoa. Bero handia egiten ari da uda honetan, beraz, nahiago dut goizean egin ibilalditxoa. Bidean noala, pixalarria sentitu dut, oso gorputz sentsazio ohikoa azken egunetan, geroz eta sarriago izaten baitut pixa egiteko gogoa. Zuhaitz bat aukeratu dut horretarako, ze plazera den pixa mendian egitea eta ez komunean.


Berehala, galtzak jaistearekin batera jabetu naiz kuleroak zikinduak ditudala odol itxurako fluxuarekin.

Alertan jarri da nire gorputz osoa, hara! hau ez da izango erditu aurreko “tapoi” famatua, ezta? Gaur hasiko ote da Kantauriren jaiotza? Irailaren 4rako nuen erditze data. Hori, noski, gutxi gorabeherakoa da, horrek ez du esan nahi egun horretan jaioko denik haurra, baina ez dut Kantauri lehenago espero.

Etxera iristea desio dut, Saiori kuleroak erakusteko, ea berak zer dioen. Montetxiotik barrena jaitsi naiz zakurrarekin eta gosaritarako ogia, croissanta eta txokolatezko gutizia zenbait erosi ditut okindegian. Gaur, lagunekin gosaria egingo dugu etxean. Kantauri jaiotzen denerako laguntza beharko dugu, batez ere txakurra zaintzeko, janaria prestatzeko eta egoera berrira moldatzeko, azken finean. Gertukoenekin hitz egin izan dugu hilabete hauetan, ea jaiotza berriaren bueltan esku bat botatzeko prest ote diren. Baiezkoa eman digute bost lagun inguruk eta haiekin egingo dugu gosaria gaur. 10:00etan geratu gara etxean, goxo.

Gosarira lagun batzuk iritsi dira etxera eta haien atzetik iritsi naiz ni ere, jakiekin. Agurren ostean, Saioari komunera laguntzeko esan diot eta kulero zikinak erakutsi dizkiot. Bera ere urduritu egin da, baina ahots goxoarekin esan dit lasai egoteko oso gutxi zikindu dudala eta joango garela ikusten egunean zehar. Gosariarekin jarraitu dugu, lagun gehiago datoz etxera eta tertulia goxoan murgildu gara. Nire alderdi bat alertan dago.


Ohikoa baino gehiagotan joaten naiz komunera begiratzera ea kuleroen eboluzioa nola doan, geroz eta odol itxurako fluxu gehiago botatzen ari naiz.

Goiz pasarekin amaitzeko, tripa ederki beteta,“Lagunekin bai” izeneko whatssapp taldea sortuko dugula esan, eta besarkada nahiz muxuak emanez agurtu dugu elkar.

Alde egin dutenerako, tripa azpian, berriak diren gorputz sentsazioak sentitu ditut. Saioari berriz esan diot posible dela erditzea gaur bertan hastea, baina ez dit kasu gehiegirik egin. Eguna normaltasunez jarraitu dugu. Halere, prest utzi dut etxeko egongela, badaezpada: espazio librea; argi goxoa; aldarea kandela, amaren argazki eta hegoameriketako lagunen opariekin; esaldi indargarriak eta labanda olioa dilatazioa laguntzeko; aromaterapia; baita musika ere.

Iluntzeko zazpiak aldera, lehenengo uzkurdura sentitu dut, biok Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetarako prestatzen ari garen ponentzia borobiltzen ari garen une berean. Haurdun nago, badakit edozein unetan erditu naitekeela, baina, hala ere, ezustean harrapatu nau. Gaur bertan hasiko ote naiz erditzeko lanetan? Kantauri, prest ote zaude irteteko? Ponentzia ulergarria sortzearen erronkari heldu diogu, Saioak teklatuan eta nik dagoeneko erdi zutik erdi eserita, lehenengo uzkurduraren atzetik baitatoz besteak. Zenbat eta gehiago sakondu testuan, orduan eta uzkurdura gutxiago. Testutik aldendu eta komunera edo sukaldera buelta bat egiten badut, orduan uzkurdurak sentitzen hasten naiz berriz. Beste behin ere, burua eta gorputzaren arteko konexio ezaren ondorioez jabetu naiz.

Gaueko 12:30ean bidali dugu Bilgune Feministako osatze feministako lan taldera ponentzia, aldaketak nahiz hobekuntzak eginda. Kalera atera gara zakurrarekin, erditzeko lana hasten denean oinez ibiltzea eta eskailerak igotzea garrantzitsua dela oroituta. Uzkurdurak 10 minutuero sentitzen ditut eta oso eramangarriak dira. Arnasarekin lagunduz, etorri bezala alde egiten dute. Goizaldeko ordu biak aldera oheratu gara. Saioa lo seko geratu da, ni, berriz, bi ordura uzkurdura mingarriagoekin esnatu naiz. Egongelara joan naiz eta bertako besaulkian eserita geratu naiz. Sei minutuero ditut kontrakzioak, oso arinak oraindik, besaulkitik altxa gabe eramateko modukoak. Uzkurdura bakoitzaren ondoren, lo hartzen dut hurrengora arte. Goizeko 8:00etan esnatu da Saioa eta baieztatu diot: erditze lana hasi da. Pozik eta urduri jarri da aldi berean, eta etxea atontzen, garbitzen eta txukuntzen hasi da. Gosaria prestatu eta paseo eder bat egitea erabaki dugu. Bitartean, Magaleko kideei idatzi diegu esateko erditze lana poliki, baina hasi dela. Asko poztu dira eta beraiek ere mendi buelta eder bat egiteko gomendio eman digute. Lutxi, Saio eta hirurok Talaimendira abiatu gara, oso eguraldi ona egiten du, eta, igande goiza denez, jende dezente dabil kalean. Uzkurdurek jarraitzen dute, baina gauean zehar baino askoz ere tarte handiagorekin gertatzen dira. Horrek despistatu egiten nau, nire burua zalantzati dago, beste askotan bezala: erditzen ari ote naiz, hasi da lana ala ez…

Paseo ederra egin dugu, mendia, hondartza eta Kantauri itsasoa sentituz. Bide osoan, barruko txikiari kantuan aritu gara: “behera, behera, behera, Kantauri!”, beherako bidea hartu behar duela gogorazteko. Umorez eta maitasunez egin dugu ibilalditxoa eta etxera iritsi gara Domikon jogurt batzuk erosita. Nire ahizpari deitu diogu bazkal ostean etxera etortzeko. Horrela, Saioak siesta eder bat egin dezan eta bitartean nik eta ahizpak beste paseo eder bat egin dugu. Nola ez, aldapa gora egitea aukeratu dugu, eta hilerrira igo gara. Amarenean egon gara eta berekin hitz egin dugu: erditzerako laguntza eskatu diot. Horrez gain, lehengusu gehiago ere eskatu dizkiogu. Begiak malkotan utzi dugu hilerria eta Abendaño aldera egin dugu. Etxera bidean, beste aldapa bat igo nahi nuenez, La Salle eskolarantz jo dugu. Txikitan bezala “hermana” esan dit ahizpak.

Bostak aldera etxeratu gara eta esnatu berria den Saioarekin batera dantzan aritu gara egongelan hirurok. Erditzerako prestatuak nituen kantuak erakutsi dizkiet eta barreen, uzkurduren eta konplizitateen artean dantzatu dugu. Zazpi eta erdiak aldera irten da Irati gure etxetik eta, alde egin duen bezain laster, etxeko pertsianak ixteko beharra sentitu dut.


Uzkurdurak geroz eta intentsuagoak dira, erditzeko fase aktibora pasa naiz. Dagoeneko ez dut musikarik nahi, kontzentrazio behar handia sentitzen dut.

Aldarera hurbildu naiz, erdiko kandela gorria piztu dut eta ezagutzen ditudan eta ez ditudan, erditu duten eta ez duten emakume guztiez oroitu naiz, bereziki nire familiakoez (amak, izebak, amonak…), eta une hauetarako jakintza eskatu diet. Esaldi indargarriei begirada bat bota diet gero, ados: gorputzak badaki, gai naiz eta erditzea plazera da!

Magalekoek idatzi digute zer moduz ari garen galdetzeko eta afaltzeko gomendatu digute, harremanetan gaude eta izugarrizko konfiantza ematen digu, bioz gain, emaginak gu zaintzeko, laguntzeko eta babesteko prest daudela jakiteak. Erditzeko fase aktiboan nago, orain ez dut dudarik: erditzea martxan da eta Kantauri badator. Uzkurdura bakoitza jasotzea, besarkatzea eta joaten uztea izan da hurrengo orduetako lana. Ezustean harrapatzen banaute, min handia egiten didate eta oihu egiten dut. Prest nagoenean baldin badatoz, aldiz, askoz eramangarriagoak dira. Arnasa hartzen dut kontrakzioarekin batera, eta gorputza batera eta bestera mugituz eta ahotsa jarriz badoaz berriz. Ordu intentsuak dira, luze egiten ari zait, batez ere, nekea sentitzen dudalako. Logura handia dut, lo hartzen dut kontrakziotik kontrakziora, baina nahiago dut ez lo hartu, bestela, berriz ere, ezustean harrapatzen naute kontrakzio gogorrek. Saioa ondoan dago, nik behar dudanerako, izugarrizko laguntza da niretzat, etengabe ongi ari naizela errepikatzen dit eta mantra goxoarekin laguntzen dit bakoitzean: zabaldu, zabaldu, zabaldu; askatu, askatu, askatu!

Ez da erraza deskribatzen ordu hauetako lana, ederra da sentsazioa, hirurok eta Lutxi bakarrik gaude etxean, badakigu oso une garrantzitsua dela eta ez dut beste inoren faltarik sumatzen, une horretan bidelagunik hoberenarekin nagoela sentitzen dut eta oso esker oneko sentitzen naiz Saioa ondoan daukadalako. Batzuetan, gerrian igurtzi egiteko eskatzen diot, hortxe sentitzen dut minik handiena eta labanda olioz ematen dizkit masajeak, bestetan ez dut ukitzerik nahi eta errespetu handiz entzuten ditu ni eta nire gorputza. Bitartean, kontrakzioak zenbatero nituen apuntatzen aritu da.

Zazpi orduren ondoren, goizaldeko ordu bietan Magalekoei deitu diegu: hiru minutuero, minutu bateko kontrakzioak izan ditut ordubetez, bai orain bai iritsi da deitzeko unea. Goizaldeko hiru eta erdietan iritsi dira Josune eta Maria, bi aingeru guardakoak. Beraiek etortzeak urduritu egin nau pixka bat eta aldi berean lasaitu. Intimitatean geunden eta beraiek etortzean gure lana beste batzuekin konpartitu beharra sentitu dut eta hori niretzat ez da erraza izan.


Josune eta Mariaren egoteko eta egiteko moduek, ordea, dena erraztu dute eta jabetu naiz beraiek bertan egoteak ziurtasun eta konfiantza handia ematen didatela.

Iritsi direnean, erditzearen fase aktibotik kanporatzeko fasera pasatzen hasi naiz. Oso sotilak dira aldaketak, baina kontrakzioak, tarteak, gorputz sentsazioak aldatzen doaz pixkanaka. Erraietatik datoz mugimendu berriak.

Trantsizio honetan hasi dira nire beldurrak, ezinak eta egonezinak. Bultzatzeko gogoa ere sentitzen hasi naiz, kaka egitekoarekin batera. Emaginek zer sentitzen dudan galdetzen didate, nik arreta handia jarri behar dut nire gorputzean, ñabardurak identifikatzeko, sentsazioei adi egoteko. Dena primeran doala errepikatzen dute eta horrek indartzen nau. Nire alderdirik ederrenaren ispiluak dira Maria eta Josune, ni ez naiz gai sentitzen nire indarra eta aurrera egiteko konfiantza topatzeko nire baitan. Nik ezin dut, baina Josune, Maria eta Saioak bai. Nire buruko pentsamenduetatik atera eta emaginen aholku, ohar eta galderetan arreta jartzea erabaki dut: hobe izango da horrela.

Josunek nire gorputz sentsazioei jarraitzeko esan dit, bultzatzeko gogoa badut bultzatzeko, bestela ez bultzatzeko. Pixkanaka indarrak batu ditut, beldurra ematen dit bultza egiteak baina kontrakzio bat aprobetxatuz indar egiten hasi naiz. Bitartean, Kantauriren bihotz taupadak entzuten ditugu eta horrek indarra ematen dit, geroz eta beherago dago. Berarekin hitz egiteko gomendatu didate eta halaxe egin dut, berarekin konexioan jarri naiz, izugarrizko lana egiten ari dela sentitzen dut eta gure artean, nire besoetan izateko desiatzen nago. Bultzaka jarraitzen dut kontrakzioetan, postura batean eta bestean, baina ez dut sentitzen aurrerapen handirik. Desesperazioa dator, ezingo dudanaren beldurra, baita amorrazioa ere. Ongi etorri guztia, dena behar dut une honetan eta ederki doa dena, sinestea kostatzen bazait ere. Nahi eta ezinen buelta horietan Josunek begietara begiratu eta zera esan dit: Edur, Kantauri prest dago, eta zu?

Zuzen begiratu diot eta baietz esan diot, nire aluarengan konfiantza handirik ez badut ere. Pixkanaka hasia da aluan eta inguruan erre sentsazio latza. Mingarria da oso, badirudi zerbait puskatzera doala eta beldurra ematen dit bultzatzeak. Sentsazioa partekatu dut emaginekin eta horretara errenditzeko eta ohitzeko gomendatu didate. Bizipena sentitu eta aurre egitea erabaki dut. Kokoriko posturan jarri naiz, Saioak besoetatik eusten dit eta modu horretan indar gehiago egin nezake pelbis inguruan. Posizio horretan errazagoa izango dela sentitu dut. Indartsu sentitzen naiz eta nire baitan kontzentratua jarraitzen dut. Nire hankartean ispilu bat jarri du norbaitek eta ikusi ditut nire alua eta ipurdia handi-handi, Kantauri badator.

Animoen, hitz goxoen eta maitasun keinuen artean, kontrakzio bat aprobetxatuz bultza egin dut eta erdibitzen hasi naiz.

Eskua jartzeko esan dit Josunek eta bi eskuak jartzerako sentitu dut ateratzen, txikiaren burua lehenengo eta gorputz osoa ondoren.

 

Ezin dut sinetsi, ez dakit nola heldu gure haurrari, baina besoetan hartu eta nire sabelaren eta bularren kontra estutu dut. Zilbor hestea oso laburra da eta ez dut maniobrarako aukera handirik izan, baina pozik nago. Saioa sumatu dut atzean, samur eusten nau eta negar egin dugu biok, txikia eskuetan. Haur eta guzti sofan esertzea lortu dut, erre sentsazioa eta mina sentitzen ditut aluan oraindik, baina besoetako haurrak min guztiak arintzen ditu. Gutxiena espero dudanean, beste kontrakzio bat, ez da posible, ezin dut sinistu. Berriz ere aingeruen ahotsak entzun ditut: “oso ongi, badator plazenta”. Zilbor hestea moztea erabaki dugu, motza da eta mugitzea zailtzen dit. Saioak hartu du Kantauri eta une horretan plazenta ateratzeko lanei ekin diet. Nahiko azkar atera da Josuneren laguntzarekin. Alua ere begiratu dit, urratu bat dudala esan dit, baina zarrasta larririk ez eta dutxatzen lagundu dit.

Azkenean, ohean gaude Saio, Kantauri eta hirurok. Maria eta Josune joan dira, bihar etorriko direla esanda. Ezin dut sentitzen dudana hitzetan jarri, esker ona sentitzen dut, bizipoza eta mirari bat gertatu izanaren sentipena. Julietak oparitutako olioa atera dugu eta Kantauriren gorputz osoa igurtziz ongi etorria eman diogu gure artera. Ongi etorri maitasunez betetako familiara!

Edur Epelde Pagola