Inar

40. astea zen nere gorputzak abisu lotsatiak ematen hasi zenean, pentsatu gabe Mariarekin
harremanetan jarri nintzen sentitzen nituen aldaketa txikien berri emateko. Goizean tapoia
bota nuela iruditu zitzaidan eta hezea nengoen fluxuaren ondorioz, denak seinale onak ziren
eta bere mezua poztasun handiz hartu nuen, bazirudien erditzea hurrengo egunetan izan
zitekeela. Gogoratzen dut momentu horretan nire barneak itzuli bat eman zidala, urduritasuna,
zirrara… kalera atera nintzen eta haurdunaldian zehar askotan egin izan nuen moduan
hondartzatik paseo bat eman nuen, egun argia zen, itsasoa bare zegoen eta harea oinazpian
epel sentitzen nuen. Mikel abisatu nuen eta ondorengo mezua bidali nion, “Inarrekin hitz egin
dut, esan diot zu eta ni prest gaudela nahi duenean sortzen laguntzeko”, hau izan zen gure
txikiaren izena erabiltzen nuen lehen aldia. Mikel bitartean lanetik ateratzeko desiatzen zegoen,
berak ere sentsazio onak zituen egun hartan, azken asteak luze egiten ari ziren eta.
Eguerdia zen lehen uzkurdurak sentitu nituenean, hauek mina baino poztasuna ekarri zuten,
aldizkakoak eta eramangarriak ziren, baina emaginei honen berri ematea erabaki nuen eta
arratsaldeko lehen orduan Josunek deitu zidan zer moduz nengoen jakiteko. Uliara joango
ginela esan nion eta jatekoa eta edatekoa eramateko gomendioa eman zidan, etxera
bueltatzean dutxa bat eman, ondo afaldu eta goiz oheratzeko, erditzea martxan zegoen.
Zer zetorren bagenekiela azken paseoaz disfrutatzera atera ginen, egun oso polita zen. Etxera
bueltan Mikelek erosketa egiteko aprobetxatu zuen, nik dutxa bat hartzen nuen bitartean.
Uretatik atera eta a ze sorpresa, nire afaririk gustukoena mahai gainean! Berandu egin zen
ohean sartu ginenerako, uzkurdurak geroz eta intentsitate handiagokoak ziren eta gaua aurrera
joan ahala maizagoak, beraz Mikelek zenbatero etortzen ziren eta zenbat irauten zuten
egiaztatu zuen. Josune eta Maria etxera etortzeko uzkurdurak hiru minuturo eta ordu betez
izan behar zuten. Mina oso gauza subjektiboa da eta uzkurduren intentsitate maila neurtzea
oso zaila zen niretzat lehen erditzea zela kontutan hartuta, beraz goizerarte itxaron genuen.
Josune deitu genuenean erditzea gertu zegoela zirudien, telefonoaren beste aldetik nire oihuak
entzun zituenean etxera etortzerik nahi genuen galdetu zigun eta guk eskertu genuen.
Bitartean dutxa bat eman nuen eta konturatzerako ate joka zegoen, bere ezaugarri diren
goxotasun eta lasaitasuna transmititzen lehen unetik. Ez ditut inoiz ahaztuko iritsi bezain laster
eman zizkidan besarkada eta animoak. Jarraian Inarren kokapena, taupadak… aztertu zituen
dena ondo zegoela egiaztatzeko, egun osoan zehar errepikatzen joango zena.
Mikelek tokia egin zuen egongelan, behar izanez gero igerilekua muntatzeko, baina ni gure
logelan gustura nengoen, kandelekin girotu zuen gainera eta Frida gure katuaren konpainian
geunden, bertan ohean etzanda itxaroten nuen uzkurdura bakoitza. Ondoren pilota atera
genuen, bertan eserita eta ikasitako pelbiseko mugimenduekin dantzan hobeto jasaten nituen
behin eta berriro nire barnean eztanda egiten zuten olatuak. Maria eta Josune egongelan
zeuden esperoan gure intimidadea errespetatzen, tarteka erditzeak bere bilakaera jarraitzen
zuela egiaztatuz. Dena ondo zihoan baina uzkurdura baten eta bestearen arteko aldea
zenbaitetan espero baino luzeagoa zen, deskantsatzeko aukera ematen zidan baina erditze
lanaren martxa eten egiten zuten. Egoerari laguntzeko proposatutako guztiari baiezkoa eman
nion, nekea alde batera utzi eta eskaileretan gora eta behera ibili nintzen, prestatu zizkidaten
infusioak hartu nituen, olioak igurtzi zizkidaten sabelean, errebozo teknika probatu genuen,
mugimendu zein postura ezberdinak erabili genituen fularrarekin eta hau gabe, dutxak,
aromaterapia… bakoitza bestea bezain ondo funtzionatzen zuen, orduan konturatu nintzen​
profesional handien eskuetan nengoela, zenbat jakinduria! Aurrera egin nuen Mikel, Maria eta
Josuneren mimo eta animoak lagunduta. Eta momentuan garrantzia eman ez nion arren, orain
konturatu naiz zeinen garrantzitsua izan zen energia mantentzeko tarteka jana eta edatekoa
hartzea. Nik ez nuen gogorik baina indarrik gabe gelditzen nintzela sentitzen nuen, gorputzak
eskatzen zuen, eta hor zegoen Mikel behin eta berriz denetarik eskaintzen, eskatzen nuena
prestatzen, zaintzen.


Orduak aurrera, nik denboraren nozioa galdu nuen, ez nuen galdetzen zenbat falta zen, nire
lanean murgildurik nengoen, ezta zenbateraino dilataturik nengoen, eta orduan Josunek
bizkarrean marrazten den lerro purpurari ateratako argazkia erakutsi zidan, nik ezin sinetsi,
guztiz dilatatuta nengoen. Handik gutxira geroz eta presio handiagoa sentitzen hasi nintzen eta
ukitzeko beharra, Maria eta Josuneri galdetu eta hala egin nuen, ez nuen argi zer zen ukitzen ari
nintzena, burua izan behar zuen… eta bat-batean poltsa hautsi zen. Handik gutxira Maria eta
Josuneren konplizidade begiradak, Mikel urduri, zerbait gaizki doa? Ez! Burua ikusten zaio, ilea,
beltzarana izango da, denak parrez hasi ginen, erditze aurreko saioetan gure semea ile horia
irudikatzen genuela komentatu izan genuelako. Eta orduan behar nuena etorri zen, Josuneren
hitzak, ziur gaur jaioko dela, animo! Ni pozik, ez nekien gaur zer esan nahi zuen ere, ez nekien
zein egun zen, zein ordu… baina gure txikia ezagutzeko unea geroz eta gertuago zegoen.
Orduan azken dutxa bat Mikel eta emaginek logela prestatzen zuten bitartean.
Bultzatzeko gogoa, hasieran galduta sentitu nintzen, banekien nola egin behar nuen baina ez
nuen asmatzen, beldurra agertu zen orduan baina hor ondoan zeuden animo hitzak ni
lasaitzeko eta nire ahalmenetan sinestarazteko bere funtzioa bete zuten, primeran ari zara! Bai,
ondo ari nintzela sentitu nuen, eta bultzatzeko gogoa zetorkidan bakoitzean nik indarrez
bultzatzen nuen, baina ez zen nahikoa, nekeak partida irabaziko zuela sentitu nuen. Ez
bultzatzeko eskatu zidaten, pixka bat deskantsatzeko aprobetxatzeko, eta horrela hurrengoan
indar gehiago izango nuela, baina nik ezin nuen bultzatzeari utzi, gorputzak hori eskatzen
zidan. Postura ezberdinak probatu genituen baina Inar ohean jaio behar zuen. Lau hanketan
Mikelen lepoari besarkaturik belarrira xuxurlatzen nion, Inar etorri gurekin maitia. Orduan
bulkada bakoitzean Inarren etorrera bisualizatzen hasi nintzen eta indarberritu nintzen.


Bat-batean sentsazio berria, erremina perineoko zirkunferentzian, ezin dut gehiago baina
haurraren burua geroz eta gertuago sentitzen dut, bultzatzen jarraitzen dut eta beste bulkada
batekin kanpoan da, oso ondo, jarraitu horrela guk esan arte dio Mariak. Bukatu nahi dut,
goizeko 00:57 dira, azken bulkada eta orduan indarrik ez egiteko eskatu zidan. Hor zegoen gure
txikia, izerdi eta malko artean nire besoetara iritsi zen Inar, argi izpi baten moduan argitu zuen
momentu magiko hura, aita, ama eta bi sorgin miragarriren artean. Ahaztezina sentitu nuen
bakea eta plazerra, orduan ulertu bai nuen erditzea zure bizitzako maitea ezagutuko duzun
hitzordu itsua dela. Azala azalarekin amagandiko edoskitzeari hasiera eman genion zilbor
hestean taupadak sentitzen genituela, eten egin zirenean aitatxok moztu zuen, eta bere
besoetan hartu zintuen, bizitza osoan emango dizun babesaren adierazle.
Eta azkenik plazentaren erditzea, itxuraz osorik atera zen, liluraturik begiratu genuen, ukitu ere
bai, sentitu nahi nuen, eta bizitzaren zuhaitza irudikatzea erabaki genuen aitak eta biok
oroigarri bezala gordetzeko. Goizeko lauak ziren, osatu berri genuen familiako kide guztiak
ondo geundela ikusirik Maria eta Josune etxeko atetik desagertu zirenean.