Haize

“HAIZE”

37.astetik aurrera luze egin zitzaigun amatxo Maitane eta bioi zure etorrera.
Izan ere, 32.astetik kontrakzioak nabaritzen nituen eta sinestuta geunden
aurreratu egingo zinela. Baina ez, 40.astean sartuta iritsi zen horrenbeste
desiotako eguna!
Ekaina hego haize ukituarekin iritsi zen. Amatxo Maitane lanera joan zen
berririk ez zegoela ikusita , baina bueltan etorri baino lehen hasi ziren zure
etorrera iragartzen zuten kontrakzioak! 19:15 ziren ordura arte nabaritu ez nuen
min hura sumatu nuenean, nire gorputza eta burua alertan jarri ziren eta 7
minutu pasata beste bat sumatu nuen! Bai, bai!! Hasi da erditzea!! Amatxo
Maitaneri ez nion abixatu 20etarako etxean izaten baita, baina bera iristerako
prest nengoen oinez ibiltzera joateko. A ze poza hartu zuen amatxok martxan
geundela jakin zuenean! Herriko bidegorritik bueltaxka bat eman genuen , 7-8
minuturo kontrakzioak iristen zirenean geldiuneak eginez, eramangarriak ziren
oraindik.
Etxera itzuli ginenean portaleko eskailera guztiak igo eta jetsi genituen behin
baino gehiagotan, gure esku zegoen guztia egin genuen zu ahalik eta azkarren
gurekin egoteko.
Etxean sartu eta pelotaren gainean pasa nituen hurrengo kontrakzioak. Amatxo
Maitanek etxea goxo goxo jarri zuen, prest zuen musika zerrenda jarri, argi
epelak piztu, leihoak zabaldu kaleko haize goxoa sartu zedin… giroa oso lasaia
zen,baina kontrakzioak geroz eta maizago eta gogorragoak ziren. 00etan
emaginei deitzeko esan nion amatxori eta berehala jarri zen Josune eta
Clararekin kontaktuan. Haiek ordu betera etxean egongo zirela esan ziguten.
Tarte horretan gure ingurua ere jakinaren gainean jarri genuen eta emozio eta
indar pilla iritsi zitzaigun haien partetik ere.
Berehala zen Josune etxean. Ixil- ixilik eta goxo –goxo sartu zen egongelara.
Besarkada goxo batekin agurtu gintuen eta nire konstanteak begiratu. Gero
sofan etzan eta bere esku magikoekin zure posizioa begiratu zuen, ateratzeko
prest omen zinen, a ze poza!
Konturatzerako Clara ere etxean zen. Nire kontrakzioak gogorrak ziren
dagoeneko eta berarekin hitz egitea gehiago kosta zitzaidan.
Amatxo eta ni egongelan egon ginen kontrazioei aurre egiten eta Josune eta
Clara ondoko gelatik 15 minuturo etortzen ziren zu eta ni ongi geundela
ikustera. Goizeko 3ak aldera mina asko gogortu zen. Lunbarrean izugarrizko
ziztadak sentitzen nituen. Poltsa beroa jarri eta masajeak egin zizkidaten
Clarak, Josunek eta baita amatxok ere. Momentuan mina arintzen zen baina…
nire momentu kritikoa iritsi zen… pistina eskatu nuen.
Pistina puztutzeko momentua oso luzea egin zitzaidan. Uretan sartu eta
momentuan mina pixkatxo bat arindu zen, baina kontrakzioak oso gogorrak
ziren. Halako batean Josune etorri zen poz-pozik fasez aldatu ginela esanez,
baina nola ote daki, pentsatu eta adierazi nion momentuan. Nire oihuak aldatu
omen ziren!! Azken fasean sartzen ari nintzen, baina nik ez nuen sinesten, ikutu
ere egin gabe nola jakin zezaketen hori! Ba bai, bazekiten! Minarekin borrokan
nengoen horretan Josunek esaldi garrantzitsu bat esan zidan “ mina gogorra da
bai, baina zuk sortzen duzu, beraz zu gogorragoa zara” ederra benetan eta
egia!
Momentu batetik bestera mina aldatu egin zen eta bultzatzeko gogoa sartu
zitzaidan. Pistina barruan nengoen bultza eta bultza, baina ez zen zure burua
inondik ageri. Clarak postura aldaketa proposatu zidan. Lau hanketan jarri
nintzen eta hórrela bai, banuen nahiko indar eta bultzadak eraginkorrak ziren.
Berehala agertu zen zure burua, bua a ze emozioa! Eta ondoren beste bi
bultzadekin osorik atera zinen, hori bai sentsazio itzela! Goizeko 6:02,
ekainaren 2a, egunsentiarekin batera modu ederra eguna hasteko! Amatxo eta
biok pozez zorantzen eta zu begiak zabal zabalik guri begira. Ederra elkarrekin
egin genuen lana. Ahaztezina eguna. Eta noski hau hórrela gertatzeko
bidelagun ezin hobeak izan genituen, magaleko emaginak.
Milesker Clara eta Josune, ikaragarriak zarete!!