Bea (Psikologa perinatala)

Beatriz Oiarzabal naiz, doula eta psikologoa.

Duela 20 urte baino gehiago bukatu nuen lizentziatura, eta orduz geroztik haurraren eta familiaren inguruan murgildu izan dira beti nire formakuntza eta lan-ibilbidea (psikomotrizitatea, desgaitasuna, familiako esku-hartzea…). Bestalde, 13 urte pasa dira jada amatasunaren bideari ekin niola, eta horri lotuta dagoen eraldaketa eta ikasketa iraunkorrean murgilduta jarraitzen dut gaur egun ere.
Psikologo bezala hartu dudan ibilbideari ama izanagatik bizitutako esperientziak batu nizkionean, psikologia perinatalarekin topo egin nuen parez pare. Ama izan eta familia bat sortzea erabakitzen den momentu beretik hasten da eraldaketa, norbera, bikote eta familian besteak beste, eta une horietarako laguntza, sostengua eta orientazioa da profesional eta emakume naizen aldetik eskaintzen dudana.
Psikologia perinatala, haurdundu baino lehenagotik hasi eta haurraren lehenengo urtearen inguru bitartean ematen den laguntzari deritzo. Laguntza honen helburu nagusia, jaioberri, ama, aita eta familiaren ongizate emozionala lortzea da. Denbora-tarte honetan hainbat zailtasun suertatu daitezke: ama eta jaioberriaren arteko lotura-arazoak, heriotza eta dolu perinatala, erditze zail edo traumatikoak, ernaltzeko tratamenduak, erditze goiztiarrak… Momentu hauetan, ama, bikote eta familian dauden gaitasunak oinarri hartuta, egoerari aurre egiteko baliabideak garatzea bilatzen da.
Bestalde, bizi izan ditudan esperientzietan, aipatutako zailtasunetatik aparte, ohikoa izaten da haurdunaldi, erditze eta erditze-ondokoa idealizatua duten emakume eta bikoteekin topo egitea. Batzuetan, gizarteak berak (familiak, lagunak…), idealizazio hori indartu egiten du, garai horietan suertatu daitezkeen emozioa batzuk (tristura, beldurra, intseguritatea…) negatibotzat hartu eta ekidin nahi dituelako. Hauek guztiak ez dira ez negatiboak, ezta positiboak ere, baina sentimenduak izan badira, eta daukaten balioa eman behar zaie bakoitzaren prozesuan ulertu, onartu eta kokatu ahal izateko. Horretarako, erditze aurreko eta erditze ondoko taldeak gune edo espazio egokienak direnaren uste osoa daukat. Bertan, epairik gabeko testuinguru batean esperientziak partekatzen dira, informazio berria jasotzen da, harreman-sarea zabaldu… azken finean amatasun prozesuan ezinbestekoa den laguntza-sarea zabaltzen da.
Zure zain gaude.

psicologa perinatal