Adur

ADUR
Zerbaitek markatu badu Adurren jaiotza denbora izan da. Haurdunaldi hasieran denbora kontatzen ikasten dugu asteak eta egunak, ahaztu 9 hilabeteen kontua, eta zer dira, 9 hilabete ala 10 ilargi hilabete… zer da denbora? Eta batez ere, zeinena? Badirudi norberarena ezetz…
Haurdunaldia zoragarri joan zen, izugarrizko lasaitasuna eta gozamena. 41.astean sartzerakoan ordea Osakidetzako protokolo guztiak martxan jarri ziren eta horrekin lasaitasun eta gozamenak lainotu… urduritasun handiko egunak izan ziren niretzat, erditzea hasiko zenaren seinalerik ez bainuen sentitzen eta 41+5ean izan beharko lukeen indukzioa geroz eta hurbilago zegoelako.
Oso informatuak ginen eta gure ideiak oso sendo bilakatu dira haurdunaldiak aurrera egin ahala, hala ere, beldurrez eta kezkaz josirik atera ginen 41+4an medikuaren kontsultatik, BIHARko indukzioari ezetz esan genionean. Dena ondo badago? Adur eta biok ondo bagaude, zertarako, zergatik induzitu behar dugu erditzea? Eta era berean… ondo ari gara? Adur arriskuan jartzen ari gara? Berekoia naiz? Eta zerbait gertatzen bada…?
41+5 arratsaldean hasi ziren lehen kontrakzioak, lotsati… a ze poza eta lasaitasuna “badirudi bere momentua iritxi dela”. Gauean hasi ziren gogortzen eta ia ez nuen lo egiteko aukerarik izan. Goizaldean Xabi maiztasuna eta iraupena apuntatzen hasi zen, 41+6 zen jada. Bazkaldu eta gero herriko bidegorritik paseatzera joan ginen, naturarekin konektatu ginen hirurok, oso momentu bereziak izan ziren, Xabiren lepoan besarkatuta, momentu batez kezkak desagertu ziren: astia izango dugu Adur etxean jaiotzeko ala ospitalera joan beharko gara? Zerbait hartu beharko dut ala erditze naturala izango da?


Kontrakzioak geroz eta gogorragoak zirenez etxera joan ginen, baina ordu batzuk eta gero asko baretu ziren. Afaldu eta gero ospitalera joatea planteatu genuen, zertarako itxaron gehiago? Nekatuta ginen… ezjakintasunak asko nekatzen du. “Tira, kontrakziorik ez baditut lo egiteko aprobetxatuko dut eta bestela ba… lan hori aurreratzen duguna”.
Xabik afaria jasotzen zuen bitartean aldaketa mundiala eman nuen eta guztiz murgildu nintzen “planeta parto”-n. Etengabe oinez eta mugimenduan egoteko beharra sumatzen nuen eta tarteka dutxa beroak hartzen nituen, asko baretzen zidaten. 2.00ak aldera Josune etorri zen etxera, bihotz bihotzez “eskerrik asko” esan nion eta bere besoetan galduz ume txiki bat bezala egin nuen negar. Etxean jaioko da.
Mina gogorra izango zela imajinatzen nuen, baina nekea ez nuen hain aurreikusia. Leher eginda nintzen eta egozpen fasean postura bakar batean egon nintekeen, lau hanketan. Ia hiru orduz egon nintzen bultzatzen eta behin baino gehiagotan pentsatu nuen azkenean ospitalera joan beharko ginela eta Adur atera beharko zutela. Baina zorionez ez zen hala izan. Haurdunaldian zehar Estitxurekin ikasitako guztiarekin eta Xabi, Josune eta Clararen babesarekin indarrak topatu nituen aurrera egiteko. Adurrek burutxoa atera zuen azkenean, eta hainbestetan imajinatu genuen bezala Xabik hartu zuen bere eskuekin. Gorputza atera zuenean hanka azpitik pasa eta nire besoetan hartu nuen. Begiak zabal zabalik zituen eta hitz egiten hasi nintzaion…
Adur 42.astean jaio zen, goizeko 8.20etan, etxean, goxo eta lasai.

XABI
Sekula ezingo dut ahaztu Adurrek bere buru txikitxoa amaren barrutik atea zuen une hura, lotsati eta goizeko lehen argi izpiz, ondoren beregain bira eman eta sorbalda ateraz gainontzeko gorputza bere osotasunean azaleratzeko. Gaua luze joan zen eta amatxok sekulako erakustaldi fisiko-emozionala eman zuen, horrelako ezer ikusirik gabe nengoen. Prestakuntza eta aurretiko informazioak laguntzen du momentua bideratu eta fase ezberdinak aurreikusten, baina bertan sortzen den magia hori deskribatzea zaila egiten zait. Sekulakoa izan da naturaren alderdi hau 2. planotik ezagutzeko aukera izatea, ahalduntze basati hori, zein harro gauden zutaz Eli.
Eskerrik beroenak Josune, Clara eta Mariari, pasio hutsa zarete. Zuen hitz eta irribarreak lehen egunetik erdietsi eta bukaerara arte egin duzuen guztiagatik.