Xan

XANEN ERDITZEA
San Joan egunean zen “iristekoa” Xan, udako solstizioarekin batera, eta nik buruan irudikatua neukan: San Joan sua gora, eta uzkurdurekin… Xan behera!
Baina baziren egun batzuk gure “erditze data” pasa zela. Clara eta Josune emaginek hasieratik esan ziguten, normalena data hori atzean uztea zela, hau da, haurdunaldia luzatzea. Ekainak 30 zituen, “gure txikia honez gero ez da ekainean jaioko” Aitorri esan eta oheratu egin ginen.
Uztailak 1, ostirala: goizean goiz Aitor olatuak hartzera joan zen. 7:30etan sabelpean hilerokoaren antzerako sentipenarekin jaiki nintzen. “Ez da ba izango…”. 8:00ak, hau ziklikoa da. Denbora hartu nuen nola-hala. Bai, baiiiiii!!!Ziklikoa, eta sarri. 5 minuturo edo. Aitorri mezua: “Uste dut hau martxan dagoela. Etorri!”
Berehala etorri zen Aitor hondartzatik. “Hau egurrean doa”, eta zehaztasunez hasi zen bera uzkurduren maiztasuna neurtzen. Sarri zetozen, sarri zihoazen. Erditzea zen. Hainbeste esperotako eta desiraturako erditzea.
Salako txoko batean baloi handia jarri, berau eutsi eta lau hanketan, uzkurdurak joan etorrian jasaten nituen. Gero eta gogorrago zetozen. “Aitor, deitu emaginei, mesedez!”. Eta hala egin zuen. Kontziente ginen oraindik goiz zela, baina sentsazioak dimentsio handia zuen, zerbait handia ari zen gertatzen nire barruan. Emaginek ere goiz zela, baina etorriko zirela. Etxean ziren eguerdirako Josune eta Clara. Gure erditzean lagun izan genuen Montse emagina bazkalostean etorri zen, aurreko gau osoan lanean aritu baitzen.
Uzkurdurak. Uzkurdurak. Uzkurdurak… “honek gogor jarraitzen du”. Ez nuen ordea muki tapoirik bota, eta dilatazioa ere oso txikia zen. Ipurdi aldeko giharrak zeharo uzkurtuak nituen, ezin lasaitu. Montsek masaje goxoa eman zidan oin (baten) azpian (bestearekin hasi, hasi zen, baina ez nion amaitzeko aukerarik eman), giharrak lasaitze aldera. Arratsalde amaieran piszinan sartu nintzen; piszina, zeruko bedeinkazioa! Uzkurdurak askoz ere eramangarriagoak egin zituen ur epelak.
Ostiral gaua. Piszinatik atera eta segituan nire ama iritsi zen gure etxera. Uzkurdurak, uzkurdurak… beste behin sartu nintzen ur epeletan. Goizeko ordubietan sei zentimetroko dilatazioa nuen, baiiii! aurrea doa!
Uzkurdurak.
Uzkurdurak, uzkurdurak.
Uzkurdurak, uzkurdurak, uzkurdurak… sarri, eta gogorrak.
Amak aipatu zidan bere lehen erditzeak 22 ordu iraun zuela. Ez genituen urrun 22 ordu horiek guk ere. “Akaso ama bezala, 22 beharko ditut”.
22… 26… “Ama, zure marka gainditu dudala uste dut”. “Bai maitia”, erantzun zidan. Aitor eta biak bidelagun nituen, diskrezioz, uneoro adi. Goxo, xamur, eroso.
Larunbat eguerdia zen, eta dilatazioak hamar orduan ez zuen aurrera egin. Ez nuen berri ontzat hartu, baina ez nuen
itxaropena galtzen.
Uzkurdurak.
Uzkurdurak, uzkurdurak.
Uzkurdurak, uzkurdurak, uzkurdurak… “terribleak”, iraupen oso luzekoak bihurtu ziren, aurrekoak baino mingarriagoak. Zerbait “arraroa” zen.
Arratsaldeko zazpiak aldera Clara, Josune eta Montsek goxo bezain argi hitz egin zidaten. Dilatazioa geldirik zegoen. Beste zerbait probatu beharra zegoen. Ordura arte etxe guztia izan zen erditzearen eszenatoki. Ordutik aurrera gure logelan, iluntasunean, piszina, kandelatxo eta usain potoaren konpainia soilean jarraituko nuen. Xan eta biok elkarrekin eta elkarrentzat lanean. Gure intimitatean. Gure kobazuloan. Gure unibertsoan.
Aspaldi galdu genuen denboraren nozioa.
(Bitartean, Aitor, ama eta emaginak salan “gotortu” ziren, telebista ahotsik gabe ikusten, baxu-baxu hitz egiten. Komunera joateko soilik ateratzen nintzen gelatik, eta uste izan nuen momentu batzuetan bakarrik geundela Xan eta biok etxean).
Uzkurdurak.
Nekea, uzkurdurak.
Nekea, uzkurdurak, nekea…
Uzkurdurek ez zuten etenik ia, eta ezin nituen etzanda jasan. Eta oso nekatua nengoen. Muturrenean sentitu nintzen. Baina era berean goxo, bakean. Xan oso behean igartzen nuen, nire pelbiaren ezker aldea eta bere buruaren artean higadura txiki bat nabaritzen nuen nire mokorra ezker-eskuin mugitzean. Xan hurbil sentitzen nuen. Emaginak txandaka etortzen ziren, sarri, baina diskrezio osoz, Xanen bihotz taupadak kontrolatzera. Bisita isil horietako batean, Clarak aipatu zidan beraien gomendioa ospitalera trasladoa egitea zela, dilatazioak aurrera egiten ez zuela ikusita. Ez zegoela presarik, eta aukera horretan pentsatzeko esan zidan.
Mundu “arrazionalera” salto txiki bat egin eta epea jarri nion nire buruari: goizeko ordubietan dilatazioak aurrera egin ez bazuen, ospitaleko bidea hartuko genuen.
Eta halaxe izan zen.
Bat-batean, etxeko lasaitasuna pixkanaka mugitzen hasi zen. Martxan geunden trasladoa egiteko. Mendaroko ospitalera deitu, eta erditze gela guztiak okupatuak zeudela esan ziguten. Donostiara orduan. Aitor kotxearen bila joan zen garajera, Montsek gomendio onak eta justuak eman zizkidan ospitalerako. Ospitalean jarraituko genuela mentalizatuta nengoen, eta guztiz irekia nindoan, “totala” egiteko prest: epidurala, oxitozina sintetikoa eta behar zirenak. Orduak generamatzan blokeatuta, eta nekea oso handia zen.
Oso ondo irudikatzen ez nuena trasladoa bera zen, ospitalerako bidea. Herri erdian bizi gara, larunbat gaua zen… kotxean diskrezioz sartu nahi nuen ahal zela. Baina uzkurdura haiekin, nola? Aitor segituan etorri zen, ezkaratzetik oso metro gutxira utzi zuen kotxea, eta Montse eta biak berehala sartu ginen. Bidea geratzen zitzaigun. Baina uzkurdura haiekin, nola? Ba uste baino erosoagoa izan zen, eta Donostiara oso azkar iritsi ginela iruditu zitzaidan. (Hori bai, Itxasmendiko biribilgunean obretan ari ziren, eta errepidean zuloak zeuden. Uzkurdura hantxe etorri zitzaidan. Polita geratu da biribilgunea, baina handik pasatzen naizenero gogoratzen naiz trasladoaz).
Ospitalean, “maternidadean”, larrialdietako atetik sartu ginen. Iruditzen zait bertan zain zeudenei erditze gogo oro kentzeko moduko soinuak egiten nituela. Clara ere bertan zen, eta Montse eta bien artean bete zituzten ingresuko paperak, eta baita aurretik etxean egina genuen bidearen azalpenak eman ere ospitaleko emagin eta ginekologo taldeari. Aitor aparkatzera joana zen, eta berehala etorri zen.
Ospitalean geunden. Emagin ezin atseginagoaren eskuetan. Argi nuen, amaitu zen nire autonomia. Epidurala hartzeko prest nengoen. Prest? Baina uzkurdura haiekin, nola egon geldirik? Montseren gomendioei eta anestesistaren lan bikainari esker epidurala hartzea samurra izan zen, eta nola ez dakit baina geldirik egotea lortu nuen. Poltsa apurtu zitzaidan, bere kabuz. Erditze gelara pasa ginen Aitor eta biak. Eta nekearen nekez, lo hartu genuen.
Medikalizazioak ez zuen lortu dilatazioak 6-7 zentimetrotik aurrera egin zezan. Ordu asko generaman, ia bi egun oso. Gu nekatuak geunden bai, eta Xan? Txapeldunetan txapeldunaren modura, borrokan jarraitzen zuen txikiak, bera ere nekatuz zihoan ordea. “Pixka bat itxaron dezakegu, baina hau ez doa aurrera eta orain edo geroago zesarea egin beharko da”, ginekologoak. Zesarea. Ireki eta ateratzea. Prozesuaren amaiera. Ba bai, aurrera!
Erditzea etxean egiten saiatzea aukerarik erakargarriena egin zitzaidan, hasieratik. Norbere etxean, aurretik ezagun diren profesionalekin, denboraren presiorik gabe. Clara eta Josunerekin erditze aurretik izan genituen elkarrizketetan aipatzen genuen etxean hasiko ginela, eta gero gerokoak. Planteamendu hori gakoa izan da gerora prozesua izan zen modukoa ondo bizitzeko. Dena eman izanaren sentsazioa geratu zait, nire onena, eta burujabea izan naizela uneoro.
Aitorrek eta amak ni bezainbeste eman dute erditzean, gertu eta epel sentitu ditut, eta gure arteko maitasuna are handiagoa sentitzen dut. Era berean, aurrerapen teknikoei esker Xan txikia gurekin dago, eta nire bizitzan ospitalarekin izan dudan harremanik sakonena, zesarearena eta ondoko egunena, esker onez gogoratzen dut.
Familia berri bat jaio da, sentimendu berriak; maitasun aparretan nabil uneoro. Asko maite zaituztet, Xan eta Aitor.
Mila esker Josune, Montse eta Clara, inoiz bizi izan dudan esperientziarik bereziena, luze eta gogorrena era berean, goxatzeko eta gozatzeko baliabideak eskaintzeagatik.
Bihotzez,
Gurutze