Oier

Ohera joan berriak ginen Mikel eta biok. Lo hartu eta berehala jaiki nintzen… ur poltsa puskatu nuela sentitu nuen!
Hortik aurrera dena oso azkar hasi zen, hasi… 22:20tan ur poltsa puskatu eta jarraian hasi zitzaizkidan kontrakzioak. Hasieran 20 minutura lehena eta hortik aurrera 3 minututik behin.

Aurrera joan ahala gogortuz zihoazen kontrakzioak. Josune eta Clararekin 23:00ak baino lehenago jarri ginen kontaktuan eta gure egoera azaldu genien, oraindik kontrakzioak ahots doinuekin arintzen hasi gabea nintzen, beraz oraindik goiz zen.

Hala ere, denbora pasa ahala geroz eta gogorragoak bihurtu ziren eta ordu batzuk geroago etortzeko eskatu genien. Goizeko 3:00etan etorri ziren Josune eta Clara. Beraien etorrerak asko lasaitu ninduen, besarkada bana eta bi muxurekin agurtu ginen, beraiengan ohikoa den hitz goxoek erlaxatu ninduten eta seguru sentitu nintzen!

Isil isilik material guztia salan eta sukaldean jarri eta piszina ur beroz bete zuten. 4:00ak aldera piszinan sartu nintzen 10zm-ko dilatatuta eta laster etorri zitzaidan bultzatzeko gogoa. Uf! Ez dut inoiz horrelakorik sentitu, beldurra sentitu nuen, oso sentsazio gogorra izan zen, mingarria, pelbisean izugarrizko presioa nabaritu nuen, ordu-arteko kontrakziorik fuerteena eta horrelako kontrakzio gehiago ezingo nituela aguantatu pentsatu nuen. Nire buruarengan konfiantza pixka bat galdu nuen.

Ez dakit beldurrak zer ikusia izan zuen baina ur berotan geroz eta erlaxatuago nengoen, pixkanaka kontrakzioak lasaitu zitzaizkidan eta lo hartzen nuen…

Clara eta Josunek kanpora ateratzeko eta dutxan sartzeko gomendioa eman zidaten. Dutxan sartu orduko hasi ziren berriz kontrakzio gogorrak, ze gogorrak! Dutxako zutikakoak eta sofan etzandakoak gogoratzen ditut jasateko zailenak. Orduak pasa nituen kontrakzioekin baina espulsiboa ez zen heltzen… Bistakoa denez prozesua blokeatua zegoen.

Egoera ikusita Josunek takto bat egin zidan eta Oierren kokapena egokiena ez zela esan zigun, burua okerka zuen eta hori zen erditzea aurrera joatea oztopatzen zuena. Beraz Oierri burua zuzentzen laguntzeko postura eta teknika ezberdinak probatzen hasi ginen. Teknika hauek kontrakzioekin batera egin behar ziren eta ez dut gezurrik esango, oso gogorra egin zitzaidan, baina prest nengoen nire esku zegoen guztia egiteko, gure txikiari eta nire gorputzari laguntzeko!

Ez dakit zenbat denbora egon ginen horrela, denboraren nozioa erabat galdua nuen. Ondo gogoratzen dudana da Josunek bigarren takto bat egin zidala Oierrek burua zuzendu ote zuen ikusteko. Puntu honetan iada nahiko desesperatua nengoen, takto hau erabakigarria zen erditzea etxean jarraitu ala ospitalera trasladatzeko. Momentu horretan kristoren inpotentzia eta pena sentitu nituela gogoratzen dut, ez nuen ospitalera joan nahi, banekielako han oxitozina jarriko zidatela, etzanda egon beharko nuela (etxean ezin nituen postura honetan kontrakzioak eraman…) eta hori guztia epiduralik gabe noski, iada erabateko dilatazioa nuelako eta Oier pelbisean beheran zegoelako. Mikel eta biok hasiera batetik beharrezkoa zen kasuan irekiak ginen ospitalera joateko baina egoera horretan niri zaila egiten zitzaidan “amore” ematea.

Baina Josunek berri on bat eman zigun taktoaren ondoren, Oierrek burua zuzentzea lortu zuen! Ze poza! Berriz esperantza berreskuratu eta argia ikusi nuen, laster ezagutuko genuen etxeko goxotasunean gure Oier!

Jarraian hasi zitzaizkidan berriz ere kontrakzio gogorrak, erditzea aurrera zihoan! Piszinan sartu nintzen. Gorputzak lau hanketan jartzeko eskatzen zidan eta horrela bultzatzeko izugarrizko gogoa sartu zitzaidan, hasi zen espulsiboa! Kontrakzio intentsuak ziren, nire gorputzak bultzatzeko behar geldiezin bat besterik ez zuen sentitzen. Oso momentu gogorra izan zen niretzat baina Mikel, Josune, eta Clararen animoekin indarra atera nuen bultzatzeko. Oierren burua ukitu nuen lehen aldiz eta beste kontrakzio batzuekin batera burua atera zela sentitu nuen eta jarraian gorputza txirrista batetik jaisten bezala ateratzen sentitu nuen oso azkar. Orduan Josunek esan zidan, Maitane, hartu Oier! Hortxe dezu! Ur azpira begiratu eta bai! hantxe zegoen gure Oier! eskuekin hartu eta poliki-poliki kanpora atera nuen.

Ezin dut hitzekin deskribatu zer sentitu nuen momentu hartan… azkenik Oier besoetan nuen! Hainbeste esfortzu, tentsio, beldur, min eta gero nire gorputzak eta buruak bere lana egin zuten eta bertan nuen gure txikia. Zoriontasuna, emozioa, nekea, indarra… sentipen guzti horiek azaldu ziren. Arro sentitu nintzen nire buruaz.

Mikeli begiratu eta biok negarrez inoiz ahaztuko ez dudan besarkada batean lehertu ginen. Badakit bera gabe hau ezin izango nuela lortu. Prozesu guztian zehar izugarrizko laguntza izan zen niretzat. Ez zen nire ondotik mugitu erditzeak iraun zuen 18 orduetan. Kontrakzio bakoitza fisikoki nik eraman arren badakit berak ere mentalki nirekin eramaten zituela. Bere hitzek nire buruarengan eta gorputzarengan sinesten lagundu zidaten.

Momentu gogorrenetan ere Clara eta Josunek doai berezi bat dutela konturatu naiz zure gorputz eta buruarengan sinestarazteko.

Josune eta Clara, Mikel eta nire partetik gure esker ona erakutsi nahi dizuegu Oierren jaiotzan egin zenuten lanagatik, erakutsitako pazientziagatik, goxotasunagatik eta errespetuagatik. Oso pozik gaude Magalerekin erditzeko aukera izan dugulako. Espero dugu, osasun publikoan egiten ari zareten borrokak aurrera jarraitzea emakumeok errespetuzko erditze fisiologikoak izan ditzagun.

Esperientzia hau ez dugu inoiz ahaztuko. Izugarrizko lana egiten dezue! Mila esker Mikel, Oier eta Maitaneren partetik.

parto respetado