Magalek 2 urte bete ditu

Dakizuen bezala, Magaleren helburuetako bat etxeko erditzea osasun zerbitzu publikoaren barnean egotea da, eta bide horretan urrats bat gehiago eman nahi izan dugu.
Otsailan Magalek bi urte bete ditu sortu zenetik, eta gure ibilbidea laburki azaldu nahi dizuegu.
Magale enpresa bat baino gehiago da, tresna bat; egun Euskal Herrian etxeko erditzeak bizi duen egoera aldatzeko tresna. Ilusio eta gogoz beterik ekin genion bide honi eta berdin dihardugu.
Hiru helburu nagusi ditugu:
– Etxeko erditzearen normalizazioa eta bistaratzea
– Kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea
– Osakidetzak eskainitako zerbitzua izatea edota diru-laguntzak ematea aukera hau baliatu nahi dutenei.
Horrela, lehen pausua enpresa legal bat sortzea izan zen, Euskal Herrian lehena haurdunaldi, erditze eta erdiondoa esklusiboki etxean artatzen, Magale. Komunikabideetara jo genuen (egunkarietara, irratira, telebistara…) eta baita hitzaldi informatiboak eman ere. Proiektua ikustarazi eta tabuak eta aurreiritziak alboratzea premiazkoa dela deritzogu, aukera honen alde onak eta txarrak plazaratzea, eta ebidentzia zientifikoan oinarrituta, norberak nahiago duen erditzea edukitzeko baliabideak eskaintzea.
Hurrengo pausua Donostia Hospitalarekin elkarlana bilatzea izan zen, baina ez zen posible izan.
Halaber, Mendaroko ospitalak gure proiektua aurkezteko eskaintza luzatu zigun, eta babes handia jaso genuen bertaratu ziren emagin, ginekologo eta bestelako profesionalen partetik. Berdina esan dezakegu Gipuzkoako Erizaintza Kolegio Ofiziala proiektua aurkeztu genuenean ere.
Jasotako babesagak indarberrit egin gintuen eta pausu bat haratago joan nahi izan genuen. Dokumentu bat prestatu genuen jasotako zerbitzuaren fakturarekin batera gurekin erditutako familiek Osasun Sailera bidal zezaten, Kexa/Eskaera titulupean. Zertarako? Eusko Jaurlaritzak ikus dezan badagoela gizartearen zati bat uko egiten diona Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzuari, eta euren poltsikotik ordaindu behar izan dutela hainbat herrialdetan osasun zerbitzu publikoek eskaintzen dutena: etxean erditzea.
Aldi berean, Osasun kontseilariarekin, Jon Darponekin, hitzordua eskatu genuen. Hitzordua eduki genuen, eta Darpon etorri ez bazen ere, Eusko Jaurlaritzako Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioarekin egon ginen, Jose Luis Elexpururekin. Gure eskaera honakoa izan zen: etxekoe erditzeak Osakidetzak eskaintzea, edo familiek diru-laguntza jasotzea. Ezezkoa eman zigun. Nahiz eta etxeko erditzeen zerbitzua legeztatua egon tasak ordaintzeko eta erregistro sanitarioa edukitzeko, ez dago legeztatua Osakidetzaren zerbitzu-zorroan barnebiltzeko, ezta estatu mailako zerbitzu-zorroan ere.
Azaldu zigutena honakoa izan zen: etxeko erditzeek ebidentzia zientifikoaren bermea eduki behar dutela eskaintzen dugun zerbitzua prestaziotzat hartzea nahi badugu (kalitate goreneko ikerketen babesa dute etxeko erditzeek), eta baita erakunde ofizialen eta gizartearen aldetik eskaera egotea.
Beste kontu bat ere gaineratu ziguten: esateko mesedez familiei karta gehiago ez bidaltzeko, denak erantzun behar baitituzte, eta funtzionarioak nekatzen hasiak direla.
Argi utzi nahi dizuegu jorratzen ari garen bidea luzea eta gogorra bada ere, tinko jarraituko dugula familiek nahi duten lekuan eta nahi dutenarekin erditzeko aukera eduki dezaten, diskriminazio ekonomikorik pairatu gabe.
Inoiz ez gara ospitaleko erditzeen aurka egon; are gehiago, guztiz beharrezkoa dela deritzogu. Eskatzen dugun gauza bakarra zerbitzua osatzea da, denek erditzeaz esperientzia positibo bat eduki dezaten, izan indukzioa, zesarea edo etxeko erditzea. Aukeratzeko askatasuna eskatzen dugu, eta gobernuak lagundu diezaietela emakume horiei profesional egokien laguntza edukitzen.
Proiektu honetan Gipuzkoako Erizaintza Kolegio Ofiziala babesa dugu, eta baita Euskadiko Emaginen Elkartearena ere. Eta, nola ez, etxean erditzea erabaki duten hainbat eta hainbat familien babesa, edo etxean edukitzea erabaki ez dutenena, baina errespetatu eta babesten dutenena. Zuei guztioi mila esker, eskubide honen alde egiten duzuen guztiak zarete gu borroka honetan mantentzen gaituzuenak. Segi horrela!

parto natural

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude