Itzea

AINHOAREN ERDITZEA ETA ITZEAREN JAIOTZA

2015eko urtarrilaren 1ean jaio zen Itzea, etxean. Dena nola gertatu zen oroitzen naizen bakoitzean, bularrean kabitu ezineko zerbait sortzen zait; poz, emozio eta harrotasunez beteriko korapilo moduko bat. Hitzez azaltzea zaila baita gure alaba nire eskuekin hartu eta uretatik atera nuen unea, bere bizitzako lehen segundoan. Itzea jaio zen! Eta zoragarria izan zen. Nire besoetan nuen azkenik, Kenariren besarkada artean eta Clara eta Josuneren begiraden babespean, etxeko goxotasunean. “Itzea, maitea, amatxo naiz, amatxo naiz, Itzea, laztana” errepikatzen nion, irribarrea begietan, negarra ahotsean eta mundu bat bihotzean.

Nire bizitzako esperientziarik paregabeena izan da, zirraragarria, eta zorioneko sentitzen naiz nik nahi bezala eta etxean erditu ahal izan dudalako, eta baita inork inoiz kontatu ez dizkidanak deskubritu ahal izan ditudalako ere. Hainbeste gauza garrantzitsu dira esaten ez dizkigutenak… Nire memorian, azalean eta bihotzean betirako iltzatuta gelditu dira neguko egun eguzkitsu eta gau miragarri hartako bizipenak: zer den garunaren mugetatik at hegan egitea, ezerezera bidaiatzea, gorputzari abandonatuz, eta berez jariatutako hormonekin mozkortu eta trantzera igarotzea, desagertzea, ikasitako guztia desikasi, primario bilakatu eta jatorrira itzultzea. Zentzua galtzea, senak agintzea, eta nire animalia, emea, azaleratzea, kumea barrutik atera eta zuzenean bularrera eramatea. Zein indartsua naizen deskubritzea, baneukanik ere ez nekien indar bat sentitzea, elektrizitate bihurtzea. Bitan erdibitu eta alaba mundura jaio arren, oraindik denbora batez biok bat izaten jarraitzea, zilbor-hestea hankartetik zintzilik nabaritzearen sentsazioa, gure azken minutuak elkarri lotuta. Haur jaioberriaren vernix usaina, hain deskribaezina eta adiktiboa, 10 egun eta 10 gauetan zehar gure izarak eta etxe osoa lurrindatu zituena, alaba lehen aldiz bainatu genuen arte. Lagun artean topa eginez plazenta edatea, zuzen-zuzenean bizitzaren zaporea dastatzea. Eta azkenik, zertarako gai izan den ikusita, nire gorputza behingoz bere osotasunean maitatzea.

Behin hau esanda, nire lehen erditzearen eta Itzearen jaiotzaren kontakizuna, gure familiako istorio- eta argazki-liburuetan gordetzea erabaki dugu. Horren ordez, beste mezu bat zabaldu nahi dut hemen. Webgune honetaraino iritsi bazara, zure erditzerako ‘beste zerbait’ bilatzen ari zarelako izango da ziurrenik, edo gutxienez etxeko erditzeari buruzko jakin-mina duzulako. Ba jakizu, azken erabakia edozein delarik ere, pausu garrantzitsu bat eman duzula jada nire ustez: informatzeak eta erabakiak libreki hartzeak, prozesua modu kontzienteago batean bizitzea dakarrelako.

Nik etxean erditzea erabaki nuen. Ez aurretiaz ospitalean esperientzia txar bat izan nuelako, nire lehen haurdunaldia izan baita. Kontua da, etxeko erditzea aukera gisa ikusi nuen momentu beretik, hausnarketa prozesu bat hasi nuela, eta gauza asko deskubritu eta ikasi ditudala hortik. Atzerriko herrialde batera bidaia egin behar izango banu bezala, informazio bila hasi nintzen, nire bidaia prestatzen: bidaia-lagunarekin hitz egin, lekua aukeratu, zer nahi nuen pentsatu…

Prozesu benetan aberasgarria izan da niretzat. Asko informatu naiz eta etxean erditzeko arrazoiak bilatu ditut, arrazoi objektiboak esan nahi dut: segurtasuna, datuak, emaitzak, abantaila eta desabantailak. Zalantzarik gabe, honek asko lagundu dit erabakia libreki eta konfiantzaz hartzeko, beldurrik gabe eta inoren xantaiarik gabe. Eta nola ez, baita bikotekidea konbentzitzeko ere.

Baina horrez gain, eta niretzat esanguratsuagoa izan dena: zintzo jokatu behar izan dut nire buruarekin. Haurdun egon naizen hilabeteetan zehar “nire erraietara bidaia” egin dudala esaten dut nik, nire izatearen barru-barruraino iritsi behar izan baitut erabaki hau ziurtasunez hartzeko: galdera

asko egin dizkiot nire buruari, benetako erantzunak bilatu, kontraesanak argitu, nire mugak eta beldurrik ezkutuenak ezagutu, konpartitu eta menperatu. Izan ere, erabakiarekin nahiko ziur sentitu arren, normala da uneren batean duda eta beldurrak gainera etortzea. Gogoratzen dut nolako mina sentitu nuen eta zenbat zalantza sortu zizkidan amak, nire asmoaren berri eman nionean: “Zergatik egin behar duzu hau? Zer demostratu nahi duzu honekin?” galdetu zidan, triste, beldurtuta. Egia izango ote zen? Norbaiti zerbait frogatu nahian al nenbilen? Zein zen gainerakoek egiten dutenetik aldendu eta kontrako noranzkoan joateko arrazoia? … Aldi batez ez nuen ezer jakin nahi izan, ez nuen erditu ere egin nahi, inon. Alde batetik, hainbeste maite nituen guraso eta inguruko zenbaitek, nahiz eta azkenean nire erabakia errespetatu, nahiago zuten nik iritziz aldatzea eta ospitaleko mediku eta teknologiaren segurtasuna eta onurak aipatzen zizkidaten; eta beste aldetik, inguruko beste hainbatek ospitalean izandako esperientzia txarrak entzuten nituen, nik hain konbentzituta irakurri nituen liburuak eta ebidentzia zientifikoa zeuden, eta nola ez, nik barruan sentitzen nuen berezko behar hori. Zein zen egia? Zein ari zen gezurretan? “Gehiegi irakurtzen duzu, Ainhoa” esaten zidaten. Alde guztietatik manipulatua sentitu nintzen.

Eskerrak dena bere tokira itzultzen dela. Une horietan mesederik egiten ez zidatenengandik pixka bat aldendu nintzen, eta benetako sostengua ematen zidaten pertsonak bilatu nituen, nigan konfiantza zutenak nahi nituen alboan. Ondo zegoen besteen istorioak entzutea, baina ohartu nintzen jendeak bere iritzia ematen duenean, bere esperientzia eta beldur propioetatik hitz egiten duela, eta gehienetan, beldur horiek ez zirela nireak. Eta hala, kolokan jarri ninduten zalantza eta beldur horiek beharrezkoak izan ziren, nire buruarekin zintzo jokatzeko eta erabakia irmoki hartzeko. Ulertu nuen dudarik izan nezakeela momenturen batean, baina nik sentitzen nuena benetan etxean erditzeko beharra bazen, hori gailenduko zela zalantzen gainetik. Eta halaxe izan zen. Arnasa sabelarekin hartuz egindako aukera, lasai eta konbentzituta hartutako erabakia.

Banekien erditze natural eta kontziente bat bizi nahi nuela, ahalik eta esku-hartze txikienarekin (soilik beharrezkoa) eta konturatu nintzen nire kasuan etxea zela hori bermatzen zidan lekua, erditzea bere kasa hasi eta aurrera egiteko aldagai guztiak zituelako. Esaterako, giroan tenperatura epela, iluntasuna eta isiltasuna behar dira, eta lekuak atsegina eta goxoa izan behar du; eta etxean inon baino hobeto betetzen dira baldintza horiek, zure gustura girotu dezakezulako eta etxean zaudelako, zure argazki eta objektu pertsonalekin, betiko ingurune ezagunean, etxean.

Horrez gain, emakumeak segurtasuna eta intimitatea behar ditu, eta ez obserbatua sentitu. Segurtasuna baneukan, ez niolako beldurrik erditzeari eta etxean seguru sentitzen nintzelako (beste batzuk aldiz ospitalean sentitzen dira seguru, norberak ikusi behar du hori). Horrez gain, erosotasun guztiak nituen eskura: nire arropa jantzita edo guztiz biluzik egon nintekeen, nahi izan ezkero uretan erditzeko aukera neukan (hala izan zen gainera), eta nahi nuen bezala mugitu nintekeen, inori baimenik eskatu edo azalpenik eman gabe. Zer esanik ez nire bikotearen kasuan ere, beretzat ere askoz erosoagoa eta atseginagoa zen etxean egotea, zentzu guztietan.

Intimitatea ere baneukan, nirekin egongo zen pertsona kopurua mugatua zelako, nik aukeratutakoa eta ezaguna: bikotea eta bi emaginak. Josune eta Clara aldez aurretik ezagutzeak lasaitasun handia ematen zigun guri (bikoteari eta bioi), eta guretzat hain garrantzitsua zen elkarrenganako konfiantza hori geneukan, nik eurekiko eta eurek nirekiko: guztiok bagenekien edozein egoeraren aurrean beti egia esango geniola elkarri, ezer ezkutatu gabe, eta horrek erabateko konfiantza ematen zidan, gertaeraren bat izanez gero erabaki egokiena hartzeko. Izan ere, gauzak aurretiaz oso argi eduki

arren (erditzean zer nahi nuen eta zer ez), beldur nintzen ospitalera joanez gero, han ez ote nintzen kikilduko eta bertakoek esaten zidatenari men egin, seguru jakin gabe zer gertatzen ari zen, ondo ari nintzen edo ez…

Ospitaleak ez ninduen batere erakartzen: jende eta leku ezezaguna, nirea ez zen bata deseroso baten azpian biluzik egotea, artatu behar den paziente gaixo bat banintz bezala, edozer behar izanez gero eskatzen ibili beharra… Ez luke hala izan beharko, baina ospitaleko pertsonalarekiko mesfidantza neukan nik, ez nengoelako ziur mugimendu askatasuna guztiz bermatua edukiko nuen ala ez, edota erditzeko beharko nuen denbora itxaroteko prest egongo ziren ala ez. Izan ere, pazientzia da erditzea bere gisa gertatzeko beste baldintzetariko bat, eta baliteke orokorrean hemengo ospitaletako zerbitzua ona izatea, baina batzuetan jende gehiegi pilatzen da eta ez dago nahikoa lekurik, langileek presa dute, edo protokoloak “hau” edo “hura” agintzen du… turno edo txandako pertsonalaren araberakoa izaten da jasotzen dugun arreta askotan, eta ni behintzat ez nengoen prest nire erditzea zoriaren esku uzteko. Finean, ospitalean ez nintzen guztiz lasai sentituko, eta ezin imajina nezakeen gure etxea baino leku seguru, goxo eta hobeagorik, alabari ongietorria emateko.

Arrazoi guzti hauekin batera, bihotzean uneoro izan dut konfiantza nigan eta nire gorputzarengan, eta baita alabarengan ere, eta horrek, eta bikotearen begietan nigan sinesten duela ikusteak, erabakiarekin aurrera egiten lagundu zidaten. Nire gorputzak badakielako erditzen, nire arbasoek erditu zuten bezala, eta nire alabak badakielako jaiotzen, nire arbasoak eta neroni jaio ginen bezala. Emakumeok belaunaldiz belaunaldi jaso dugun ondarea da, gurea.

Baina tamalez azken hamarkadetan erro-errotik ebatzi digute jakituria hau, ondo ebatzi ere, eta barru-barruraino sartu digute beldurra, gure gorputzei beldurra, gure haurrari beldurra. Erditzeko unea gerturatu ahala, ezingo dugula sinestarazten digute, ez garela gai izango, eta beti agertzen da guztiz ondo ez dagoen zerbait: ume txikiegia edo handiegia, amaren pelbis estua, azukrea altuegi edo anemia, haurra ipurdiz datorrela edo bikiak direla… dena da arazo, dena arrisku, eta 9 hilabetetan zehar inoren laguntzarik gabe bizitza sortzeko gai izan den gorputza, amaren gorputza, lehergailu arriskutsu bihurtzen da bat-batean, eta haurra lehenbailehen atera behar da bertatik. Dirudienez, medikuek kontrolatzen dute prozesua eta badakite egiten dutena; guk aldiz ez dakigu sentitzen duguna. Izan ere, guganako konfiantza falta horri, gure gorputzarekiko daukagun deskonexioa gehitu behar diogu, gero eta artifizialagoa den mundu honetan. Eta informazioz saturatuta gauden arren, haurdunaldi eta erditze prozesuari buruzko ezagutza falta ere nabarmena da, mito eta sineskeriak ondo barneratuta ditugularik.

Gaiari buruzko master bat egiteko adina irakurri behar izan dut nik, nire erabakia besteen aurrean justifikatzeko (horretarako inolako beharrik egon ez arren), eta neurri batean erasoetatik defendatzeko. Baina ulertu nahi ez duenak ez du aditzen. Eta zertarako ulertu behar, gainera? Erabakiak eta ardura medikuen esku utzi badezakegu? Eurek egingo dute dena gure partez, guk ez daukagu arduratu eta sufritu beharrik, emakumeontzat hain jasangaitza den min horretatik salbatuko gaituztelako, eta haurra sano eta salbu ekarriko dute mundura. Bizi garen patriarkatu honen barne dagoen osasun sistema paternalista honek, orokorrean, haurdunaldi eta erditzearekiko ikuspegi patologikoa dauka, eta horren eraginak ez dira debalde.

Guzti honen emaitza? batzuetan, sarriegi agian, haurdun dauden emakume infantilizatuak, ume txikiak balira bezala hitz egiten zaienak eta gauzak azaltzen ez zaizkienak, eta horrekin batera gehiegizko esku-hartze eta medikalizazioa erditzeetan, zesarea kopuruaren etengabeko goranzko

joera batekin. Gordina bezain erreala baita: emakumearen gaineko indarkeriaren beste aurpegi bat gehiago islatzen dute datuek.

Baliteke hori izatea Euskal Herrian etxeko erditzeen kopuruak goranzko joera hartu izanaren arrazoietariko bat, nahiz eta oraindik ere gutxiengo nabarmena izan aukera honen alde egiten dugun emakumeok. Beste arreta mota baten beharra, libre eta gure erditzeen jabe izateko beharra. Gizaki emeon gaitasun berezkoa delako eta gai garelako gure barrutik, gure erraietatik, bizitza sortzeko. Erditzea gurea delako, eta hala izan behar lukeelako beti, izan etxean, ospitalean edo ilargian. Gure momentua da, gurea bakarrik.

Nire nahia da emakumeok gure gorputz eta sexualitatearekiko konfiantza berreskuratzea, eta gure haurdunaldiaren eta erditzearen gaineko autoritatea izatea, informazioa eskuan eta erabakiak modu autonomoan hartuz, gure buruaren jabe eta boteretsu, eta baita gure gorputzarekiko eta seme-alabekiko ardura hasieratik gure gain hartzeko ere. Haurdunaldian eta erditzean emakumeari eta haurrari dagokigun protagonismoa berreskuratzea aldarrikatu nahi dut hemendik, esperientzia ahalik eta gozagarriena bizi ahal izateko.

Eta baikorra naiz zentzu horretan: pixkanaka belaunaldi berriak datoz, beste “egiteko modu” bat duten emaginak, eta sistemak guztiz irentsi aurretik gauzak aldatzen saiatzen ari direnak. Ziur nago ez dela kasualitatea Clara eta Josuneren bizitzek elkar topo egin izana, eta indar bereziren batek batu dituela bi emakume adoretsu hauek, bokazioz beteriko emaginak biak, gure erditzea berreskuratzen laguntzeko, eta beste hainbat kontzientzia zabaltzeko, etxeko erditzeak berriro ere pixkanaka normalizatuz. Nork daki? Baliteke etorkizun ez hain urrun batean etxean erditzeko aukera osasun sistema publikoaren barne egotea. Baina horretarako, emagin hauekin batera, emakumeok eta familiok ere borrokan jarraitu behar dugu, gure alabak, aske eta boteretsu, euren erditzeen jabe izan daitezen, eta gure bilobak, amaren sabeletik magalera, maitatuz jaio daitezen.

parto en casa