Intza

INTZAREN JAIOTZA

Bigarren aldiz haurdun geratzearekin batera itzuli zen nire burura etxean erditzeko ideia. Eta ez beste kasu askotan bezala ospitalean esperientzia txarra izan nuelako. Baizik eta, gure bigarren alabaren jaiotzarako neure erditzearen jabe izan nahi nuelako etxeko goxotasunean, eta nola ez, Xuhare alabarengadik gertu egoteko beharra sentitzen nuelako.

Gure lehen alabaren haurdunaldian ere planteatu nuen etxean erditzeko ideia. Baina lehen erditzea izanik, ezjakintasunaren aurrean hainbat zalantza ere banituenez, ez nuen neure burua horretarako guztiz prestatua ikusten. Hori bai, behin Xuhare jaiota, ikusirik erditzea nola joan zen (21:30tan lehen kontrakzioa, 01:30tan ospitalera iritsi 6zm-ko dilatatuta, zuzenean paritoriora eta 02:30tan erditze natural eta azkar baten ondoren, besoetan genuen gure alaba), neure buruarengan falta nuen konfidantza lortu nuen. Beraz, handik bost hilabete ingurura Magalek eman zuen hitzaldi batera joan nintzen, kuriositatez eta informatzeko asmoz. Hitzaldian Clara eta Josune ezagutu ondoren, beraien lanaren jarraipena egiten jarraitu nuen interes handiz.

Beraz, bigarren aldiz haurdun geratu nintzenean, ahal nuen guztia egiteko prest nengoen etxean erditu ahal izateko. Baina niretzat, hori ez zen nahikoa! Nik hain garbi ikusi arren dena, gaia ateratako bakoitzean nire senarrak zalantza asko agertzen zituen eta ez zitzaion gehiegi gustatzen etxean erditzeko ideia. “Zer behar daukagu bada horretarako?” Eta noski, nik etxean erditzeko bere babesa eta laguntza behar beharrezkoak ikusten nituen. Bere jarrera ikusirik, gauza bakarra eskatuko niola esan nion: Magaleren hitzaldi batera joatea. Hitzaldi horren ondoren lasai hitzegin eta erabakiko genuela. Hori onartu zuen behintzat eta lehen pausua emana zegoen! Hitzaldi horretan emaginak ezagutu zituen momentutik, berain profesionaltasuna, goxotasuna… ikusirik, lehen bisita baterako geratu ginen. Eta ni pozik!!! Handik aurrera dena askoz xamurragoa izan zen. Clara, Josune eta Igonerekin orduan eta gehiago egon, nire senarraren zalantzak gutxitzen joan ziren eta bere babesa jasotzen hasi nintzen. Gainera haurdunaldiko 6.hilabetean sukarrarekin hasi eta 5 eguneko ospitaleratzea izan nuenean, biok ere garbiago ikusi genuen gure erabakiarekin aurrera jarraitzeko nahia.

Emaginekin bisita guztiak egin eta dena prest zegoen beraz! Erditze data ere igaroa zen eta Intzak ez zuen irtetzeko asmo gehiegirik erakusten. Egia esan ez genuen presa gehiegirik, gure lehen alaba Xuhare ere 41.astean jaio baitzen. Hala ere, familia inguruan bagenituen gora beheratxo batzuk eta horiek ere eragiten ote zidaten inpresioa ere banuela komentatu nien emaginei. Josunek, “hierba luisa” hostoen bainua hartzeko aholkua eman zidan, barneko tentsioak askatzen lagunduko zidala eta. Gau hartan ez nintzen moldatu, Xuhare ere nahiko aztoratuta zebilen eta azken egunetan.

41+1 egunean bai ordea! Iluntzean denok haserre bukatu genuen, Xuhare aztoratuta, ni nekatuta eta pazientzia gutxirekin, senarra era antzera…egun aproposa bainua hartzeko! Xuhare lotaratu, dena prestatu (hierba luisa, kandelak, musika…) eta bainu goxo bat hartu nuen arnasketekin lasaitzea lortuaz. Handik laister hasi zen dena! Ordubete pasatzerako nabarmendu nuen lehen uzkurdura! A ze poza! Geroz eta gutxiago falta zen Intza gure besoetan edukitzeko. Ahal nuen neurrian deskantsatuz igaro nuen gaua. Uzkurdurak irregularrak ziren eta tarteka gelditu ere egiten zirenez, lo pixkat egiteko aukera ere izan nuen. Xuhare ere lo zegoen eta pena ematen zidan esnatzea! Gaua honela igaro ondoren, goizeko 6:30tan, gauean beste hainbatetan bezala, komunera jeiki nitzen eta Xuhare esnatu egin zen. Aurretik askotan hitzegin genuen momentua iritsi zela esan genion eta ea aiton amonengana joan nahi zuen (erditzean ez egotea erabakia baigenuen, ni ez bainitzen hain lasai egongo bera han egonda). Behin Xuhare eramanda, badaezpada ere, 07:00etan jakinaren gainean jarri genituen emaginak. Baina neure zalantzak nituen, gau guztian zehar uzkurdurak ez baitziren hain jarraiak eta ez bainuen aurrerapen handiegirik ikusten. Gainera, lehen erditzea hain azkarra izanda, orain zer pasatzen zitzaidan?

Xuhare etxean edukitzeak sortzen zidan kezka hori gainetik kendu nuen momentuan ordea, egoera guztiz aldatu zen. Igonek 08:00tan deitu zigunean, negarrez harrapatu ninduen. Zergatik? Neronek ere ez nekin! Baina, handik aurrera, tentsio guztiak askatu eta uzkurdurak geroz eta indartsuago eta jarraiago hasi zitzaizkidan. Beti ere gorputzari kasu eginez, portaleko eskaileretan gora eta behera, egongelan baloiaren gainean mugituaz, senarrari lepotik helduz gorputz guztia luzatuaz, erdi ilunpetan eta arnasketekin lagunduaz, nahiko eramangarriak egiten zitzaizkidan. 09:00etan iritsi ziren Igone eta Josune. Ixil ixilik, goxo goxo gerturatu eta beraien muxu eta besarkada goxoekin agurtu gintuzten. Dena ondo zihoala egiaztatu eta laster iritsi zen nire izeba ere, bera ere erditzean bidelagun izatea erabakia genuen eta. Ordurako “neure munduan” nahiko murgilduta nengoen, neure lanean guztiz konzentratua. Uzkurdurak geroz eta indartsuagoak ziren eta ahalik eta hobekien eramaten saiatzen nitzen, baina garrantzitsuena uzkurdura batetik bestera, lasaitzeko unea ere aurkitzen nuela. Baita tartean nire senarraren txantxaren batzuekin barre pixka bat egiteko ere.

Geroz eta presio handiagoa nabarmentzen nuen eta 10:20 inguruan, bultzatzeko beharra sentitzen hasi nintzen. Iritsi zen beraz momentua! Egongelan jarraitzen nuen ordura arte bezala eta sofan apoiatuz, lau oinean aurkitu nintzen erosoen. Hori izan zen nire gorputzak erakutsi zidana. Bultzada batzuen ondoren, ur poltsa hautsi zen eta ur garbiak zirenez, aurrera! Lehen erditzean neure indar guztiekin bultza eta gero izan nuen urraduraren bildurrez edo, oraingoan pixkanaka pixkanaka joan nintzen bultzatzen. Izugarrizko presioa nabarmentzen nuen arren, nire gorputzak dena kontrolpean zeraman, Intzak poliki poliki bere bidea egin zezan. Beste bultzada batzuen ondoren eta ingurukoen animo eta goxotasunak lagunduta, 11:00tan iritsi zen hainbeste desiotako momentua! Igonek hanka tartetik pasa eta besoetan hartu nuen gure Intza txikia! Oraindik biok zilbor hestearekin lotuta, sofan eseri nintzen. A ze momentu majikoa!

Eta zer esanik ez ondorengo orduak ere. Gure etxeko goxotasunean, maite nituen pertsonez inguratuta eta nola ez, neure buruaz harro!!! Zilborresteko taupadak gelditu arte itxaron genuen nire izebak hau moztu aurretik, eta plazentari behar zuen denbora eman genion atera eta erditzea guztiz bukatutzat eman arte. Intza ere inongo arazorik gabe hasi zen titia hartzen. Dena ondo zihoala ikusita, emaginek goxo goxo utzi gintuzten gure alabarekin, lasai lasai gozatzen eta deskantsatzen.

parto en el agua

Oso erditze intentsoa izan zen. Neure erditzearen jabe izatea lortu bainuen! Ez lehen erditzean bezala ospitalera joan, hango harreran itxaron, lehen kontrola egin, monitoreak jartzeko eserita egon behar nuela, paritoriorako bidea, orain etzanda jarri… Intza eta bion arteko elkarlana guztiz errespetatuz, oraingoa guztiz ezberdina izan zen bai niretzat eta baita senarrarentzat ere. Eta zer esanik ez behin erdituta etxeko goxotasunean egotea! Gure etxean, gure alaba Xuharerekin batera, gure ingurukoekin… Niretzat hori konpara ezina izan da!

parto en casa

Mila esker Josune, Igone eta Clara zuen lanarengatik eta hau dena posible izaten laguntzeagatik. Baita nere izeba eta familiakoei ere, momentu berezi horretan gure ondoan egoteagatik. Eta nola ez nere senarrari, nahiz eta hasieran etxean erditzeko ideiak ez hainbeste konbentzitu, azkenean amets hau egi bihurtzen lagundu didalako.

Bihotzez,
Ainara