Laia

Laiari…

Ekainen erditzean ospitalean horren esperientzia ona izanda, zergatik etxean?
Zure aitak hau galdetu zidan, etxean erditu nahi nuela esan nionean. Nik bizipen hori ni neu protagonista izanda bizi nahi nuela erantzun nion. Uste dut orduan ez zidala gehiegi ulertu, baina Magaleko emaginekin lehenengo hitzordua izatea onartu zuen. Beraiekin batu ondoren, nik gero eta argiago nuen, baina zure aita ez zegoen konbentzituta. Halere, erditzeko bere laguntzaile paperaz jabetu eta nik nahi nuena errespetatu eta babestea onartu zuen.

Ekain Arrasateko ospitalean jaio zen, aitatxo eta txikitako lagun dudan emagin maitekor batekin. Egun hartako hiru gauza ditut gogoan, batez ere:
– Momentu oro sentitu nuen maitasuna,
– Ekain nire hanka artetik hartu nuen momentua
– eta erditu eta geroko sentimendu zurrunbiloa, ain pozik nengoen!
Ospitalean izan bazen ere, esku-hartzea oso txikia izan zen, itzelezko bizipena.

Orduan, zergatik etxean?
Nire gorputzari eta zuri entzun eta etxeko giro gozoan jaio zintezen nahi nuelako.
Erditzeak, erditze ondorengo bizipenetan eragiten duela jakinda, ahalik eta erditze onena izatea nahi nuelako.
Gure sentipenek gidatutakoa izatea nahi nuelako.
Erditu ondoren etxean, familian, egotea nahi nuelako.
Eta gure erditzearen jabe gu geu bakarrik izatea nahi nuelako.
Saiatu behar nuen eta horretarako niretzat aukerarik aproposena etxean erditzea zen.

Eta horrela izan zen laztana, gure etxean jaio zinen. Anbotoko Mariren begiradapean basati eta giro gozoan.

Jaio aurreko egunean, zure osaba Ikerren urteak ospatu genituen familian. Bere urtegunaren bezpera zen, baina igandea zela aprobetxatuta zure amamak bazkari eder bat egin zuen. Osabak bakarrik ospatuko duen azken urteguna izan zen, izan ere, zure osabaren egunekoa zara eta politori. Egun hartan, nire sabeletik irteteko seinaleak areagotu zenituen eta lehenengo kontrakzioak igarri nituen bazkal ondoren. Oso suabeak ziren eta gainera denbora batera gelditu egin ziren. Lau egun lehenago umetokiko tapoia botatzen hasi nintzen, beraz zeozer martxan bazegoela bagenekien baina arraro xamar sentitzen banintzen ere, oso lasai geunden. Hala ere, zure nebari ea amama eta aititen etxean lo egiten geratu nahi zuen galdetu genion eta baietz esan zuen. Aitatxorekin etxera bidean gindoazela kotxean bihotzez negar egin nuen, Ekain jada nire txikia ez zela izango eta, bihotza estutu zitzaidan. Negarraldia bizitzako egoera bati agur esan eta berriari ongi etorria emateko baliatuta, etxera lasai sartu ginen.
Eta goizaldeko ordu bata inguru zela kontrakzio bortitzak hasi ziren. Bortitzak eta jarraiak. Ezin nuen gustuko posturarik bilatu, hasieran ohitu arte izango zela pentsatu nuen, lasaitu eta postura ezberdinak probatu behar nituela esaten nion nire buruari, baina ezin nuen. Kontrakzioak oso bortitzak ziren, mugitzea izugarri kostatzen zitzaidan. Zure aitatxok zelan eta zer nahi nuen galdetzen zidan, baina enekien. Ezin nuen ia mugitu, baina zure aitatxo momentu oro gure ondoan egon zen, behar genuen edozer emateko prest. Horrela, ordu biak aldera Clara deitu zuen eta Clarak prestatu eta segituan etorriko zirela esan zion. Hiruretan heldu ziren Maria, Clara eta Igone. Heldu zirenean bultz egiteko gogo izugarria nuen. Clarak gerritik heldu zidan eta jarraian kontrakzioa sentitu eta bultz egin nuen, poltsa apurtu nuen. Ur epela igarri nuen hanka artetik eta Clarak suabe eta gozo ur garbiak zirela eta holan jarraitzeko animatu zidan, ederto ari giñela. Igonek usaintzeko zerbait eskaintzen zidan bitartean nik kontrakzioei itxaroten nien bultza egiteko. Lau hanketan nengoen eta burua baloian, baloiaren bestaldean aitatxo animatzen, eusten, indarra ematen. Zuri ere hitz egiten genizun, laster ezagutu behar zintugun! Aitatxo zoragarri egon zen erditze guztian, behar izan genuen dena eman zigun. Horrela geundela, hanka bat altxatu nahi nuen proposatu zidaten, eta gogoratzen dudan hurrengoa zure burua nola irteten zen igarri nuela da. Lasai bultza egiteko gomendatu zidaten eta hurrengo kontrakziorarte itxaron nuen azken bultzada egiteko. Tarte hori luzeegia egin zitzaidan, baina iritsi zen kontrakzioa eta gurekin zintugun! A ze poza! Goizaldeko Laurak eta hogei ziren. Negar egin nuen berriro, pozaren pozaz! Inoiz ez dut ahaztuko zure begirada bizia jaiotzean Laia. Eta Ekain, etorri zitzaidan burura eta bihotza estutu. Zenbat sentimendu, zenbat hormona dantzan! Zenbat maitasun!

preparación al parto


Zurrunbilo horretan geundela, ohea prestatu ziguten eta eroso ohean etzun ginen aita eta biok zurekin. Naiz eta oraindik uzkurdurak nituen momentu oso lasaia izan zen zu jaio eta ondorengoa. Behar izan genuen denbora guztia izan genuen zilbor-hesteko odol guztia jaso zenezan. Bitartean titiari eutsi zenion. Eta denbora batera plazer haundiz karena erditu nuen. Gero Igonek detaile handiz karena erakutsi eta azaldu zigun. Sorgina ematen zuen goizeko lehen argiekin karena manipulatzen. Ni oso ondo sentitzen nintzen, ez neukan desgarro bat bera ere. Eta zutaz maitemintzen geundela, ohera inoiz jan dudan frutarik gozoena ekarri ziguten platertxo baten zurituta. Bezperan jan genuena zen, baia momentu hartan ezin hobeto sartu zitzaigun. Zure erditzea sekulakoa izan zen laztana, zirraraz betetzen naiz gogoratzean.
                           … Amatxo

hipopresivos donosti