«Hitzordu guztietan Laxarok eta biok genituen zalantza eta beldur guztiak erantzuten zizkiguten.»

Ama izateko ametsa izan dut beti. Haurdun nengoela jakin nuenean, erditzea naturala eta tenpusak nik eta gure txikiak kontrolatuko genituen leku lasai batean izan nahi nuen. Nere mutil laguna den Laxarori erditzea etxean izan nahi nuela esan nion. Lagun baten bitartez Klararekin kontaktuan jarri eta lehenengo hitzordua jarri genuen elkar ezagutzeko. 


Haiek eman ziguten informazioarekin, etxean erdituko nuela erabaki genuen. Hitzordu guztietan Laxarok eta biok genituen zalantza eta beldur guztiak erantzuten zizkiguten.

Maiatzak 7a. Bizirik dirauten bitartean ahaztuko ez dudan eguna. Enai gure txikia jaio zen eguna. Biharamuneko gaueko 10ak aldera uzkurdurekin hasi nintzen. Uzkurdura eramangarriak ziren. 10 minuturo etorri eta joaten zirenak. Goizean goiz Josune eta Klararekin kontaktuan jarri eta egoeraren berri eman genien. Haiek egunsentiarekin uzkurdurak gelditu zitezkeela esan ziguten. Bainan handik ordu betera, goizeko hamarrak aldera  uzkurdurak maizago izaten hasi ziren. 8 eta 5 minuturo.Beraz, erditzea martxan zegoela ikusita Josune eta Klararekin goizeko 11ak aldera elkartu ginen etxean. Uzkurdurak mingarriak izaten hasi ziren. Josune eta Klararen gomendioekin eta  Laxaroren eskuen berotasuna sentitzearekin eramangarriagoak ziren. 


Eguerdiko 2ak aldera komunean ginela Josunek eta Klarak dutxatzeko proposatu zidaten. Dutxan sartu bezain pronto Enairen burua ikusi zuten. Horregatik, logelan erditu nahi nuela eta logelara joan ginen.

Laxaroren laguntzarekin besoetan pilota besarkatu eta lau hanketan jarri nintzen. Nere baitan Enai laster gure besoetan egongo zela pentsatzen nuen. Momentu guzti horietan Laxaro, Klara eta Josunek laguntza eta animo ikaragarriak ematen zizkidaten. 


Oso ambiente ederra zegoen. Goxoa, beroa…
ikaragarria zen. Momentu horietan behar nuen guztia
ematen jakin izan zuten Klara eta Josunek. 

Halako batean, gutxi falta zela xuxurlatzen zidaten belarrira. Une batean ez bultzatzeko esan zidaten. Zaila izan arren banekien punturik eta urraturik ez edukitzeko zela eta hala eutsi nion.

Halako batean, bultzada batean, Enai jaio zela sentitu nuen. Nik ezin nuen sinetsi. Buff. Nere ametsa errealitate bihurtu zen. Eguerdiko 2,20tan Enai nere besoetan nuen Laxaroren besarkadaz lagundurik. Gainera, Enai poltsa barruan jaio zela esan zidaten. Josune eta Klararentzat poltsa barruan jaiotzen zen lehenengo haurra zen. Laxaroren aburuz Enai lasai lasai irten zen. Berarentzat momentu benetan berezia eta ikusgarria izan omen zen. Guretzako momentua zen. Inork zapuztu ezin zuena. Oso intimoa, oso hunkigarria. Momentu magikoa. Sentsazioa  hain zen handia (hitzez idatzi ezin dena). Klara eta Josuneri dena zor niela sentitzen nuen. Karena atera eta denok laranja zukuarekin nahastuz edan egin genuen. 


Ordu batzuk pasa eta Josune eta Klarak
ematen zizkidaten gomendio eta laguntzarekin
Enai titia ondo hartzen hasi zen. 

Dena ondo zegoenez, Josune eta Klara joan egin ziren berriz hurrengo egunean etortzekoak baiziren. Ez nekien nola eskertu biei. Hain zen handia beraiei zor niena…

Hurrengo egunetan kontaktuan egon ginen. Biak guk geneuzkan duda eta galderei erantzuteko beti prest zeuden.

Eskerrik asko Josune eta Klara  oso profesional onak zarete. Gu hiruron partez, bihotz bihotzez, eskerrik asko egiten duzuen lanarengatik.